Eraso sexisten aurkako leloa du aurtengo zapiak. (Argazkia: Donostiako Udala)
BAIetzik gabe EZETZ da! leloa izango du Donostiako Udalak Aste Nagusian banatuko dituen zapiak. Ernesto Gasco alkateordearen iritziz, zapiak doan banatzea “aukera bikaina” da indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzeko. “Herritarrek gero eta sentiberatasun handiagoa dute gai horrekiko”. 15.000 zapi banatuko dituzte.
Iñigo Garvi diseinatzaileak diseinatutako zapiak Donostia Turismoko bulegoetan, Zaharrean eta Erdi merkatarien elkarteetako dendetan eta autobus geltokian –abuztuaren 11 eta 12an– eskuratu ahal izango dira. Geltokian, bi pertsona izango dira zapiak banatzeko arduradunak.
Bestalde, sei zapi handi jarriko ditu udalak Zurriolako zubiko faroletan. Izan ere, Gascoren arabera, garrantzitsua da “gertaera kaltegarri horien aurka Donostiak duen konpromisoa” ikusaraztea.