Mikel Azpiroz: 'Irribarre nabarmenekin'
Gregory Porter gaur egungo jazzeko ahots ezagunenetakoa da. Orain dela ez urte asko Kursaaleko kanpoaldeko Frigo agertokian eskaini zuen Jazzaldian aurreneko aldiz kontzertua, eta ordutik Trinitate plazan eta orain Kursaaleko areto nagusian eskaini ditu kontzertuak, bere izena handitzen ari zen moduan. Izugarrizko ahotsa eta itxura ditu agertokian, eta atzo ere –uztailak 29– ohikoa duen txapelarekin irten zen Kursaaleko agertokira.
Bere laukoaz aparte, egun berezi honetarako antolatutako orkestra sinfonikoa zuen atzean, hemengo musikariez osatuta, Nat King Cole handiaren musika eskaintzeko. Orkestran aurpegi ezagun batzuk ikusteak poztu ninduen: Julen Izarra, Javi Perez, Jon Larraz, Josetxo Silguero, Asier Suberbiola eta abar; denak musikari nabarmenak. Porterrek esan zigun nola bost edo sei urte zituenean hasi zen Nat King Colen musika entzuten, eta zein garrantzitsua eta lagungarria izan zen beretzat Cole, aitaren hutsunea betetzen laguntzen ziolako bere musika entzuteak. Amodioa gai nagusi duten abestiak dira Colen gehienak, eta Porterren ahotsean entzutea orkestra sinfonikoak bilduta ederra izan zen.
Nabarmentzekoa da Arkaitz Mendozak zuzendutako orkestrak egindako lana, Porterren bandarekin batera. Hain jatorri desberdinetako musikariak batera ikusteak poza ematen du. Zubiak eraikitzea da musikaren gaitasun ederrenetako bat, eta atzokoa da horren adibide. Entzuleak gustura eta baita oholtza gaineko musikariak ere; irribarre nabarmenekin.