Santa Katalina zubiko armarria, lehen eta orain. (Argazkia: Donostiako Udala)
“Donostiako Udalak ez dauka zerikusirik Santa Katalina zubiko Gipuzkoako armarriak berriro pintatu izanarekin”, idatzi du Donostiako Udalak bere webgunean. Alfonso Gurpegi Bide Publikoetako zinegotziaren arabera, asteburuan armarriak berriz pintatu ditu enpresa batek, iaz zubiko kaleargiak konpontzeaz arduratu zen bera: “Bere kabuz eta berak bakarrik, udalari galdetu gabe eta udala kontuan hartu gabe”.
Iaz, kaleargien lana egin ostean margotu zituzten armarriak, eta asteburuan berriro margotu dituzte. Horrela, armarrietako koloreak berriro aldatu dira margoketarekin, eta askoren arreta piztu du: “Akatsa zuzendu behar zuela adierazi genion enpresari, baina teknikarien jarraibideak aintzat hartuta, haiek hainbat hilabete baitaramate zaharberritze lanetan. Nolanahi ere, bere kabuz egin du lan enpresak, eta egoera berri honekin egin dugu topo. Egoera hobetu ordez, okertu egin da; izan ere, behin betiko zaharberritzeari ekiterakoan, pintura geruza berri hori ere kendu beharko dugu”. Enpresari espresuki berriz pintatzeari uzteko agindu diola adierazi du Gurpegik, eta aurrekontuak eskatzen ari direla lana adituek egin dezaten. Izan ere, azken egunotan margotutakoa ere ez dator bat jatorrizkoarekin: teilen hondoko zeru horia ez da agertzen armarrian, ezta itsasoko olatuak ere, eta hiru teilen atzean ikusten den mendiaren tratamendua ere ez da egokia”.
Santa Katalina zubia da hiriko zubirik zaharrena, XIV. mendekoa.
Donostiako zubien inguruko erreportaje zabala argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk iazko maiatzean, xehetasun guztiekin.