Irrikitaldiak eman dio amaiera Aste Nagusi Piratari
Aurten ere, Irrikitaldiarekin eman diote amaiera Aste Nagusiari Donostiako Piratek. Zapi beltza eta txalekoa etxean utzi, eta Irrikitaldirako prestatutako mozorroak jantzita elkartu dira Pirata guztiak Bulebarrean.
Eneko Goia alkatea eta Ernesto Gasco zinegotzia izan dira Irrikitaldiaren protagonistak, Jose Ignacio Munilla Donostiako Gotzainarekin, eta Juan Jose Padilla toreroarekin batera. Bulebarrean, “Goia” sariak banatu dituzte, eta aurten, Covite (terrorismoaren biktimen elkartea) izan da irabazlea. Horren ostean, Kale Nagusitik zehar hasi da ohiko ibilaldia eta bertan, mozorro eta performance anitzak ikusi ahal izan dira, hala nola, Igeldoko jolas parkearen atrakzioen eta funikularraren irudikapena, Alderdi Ederreko karrusela, eta abar.
Santa Maria elizaren eskaileretan ohiko antzezlana egin dute. Aurten, “Sansevision” txapelketa egin dute, Eurovisionen bertsio donostiarra eginez. Ernesto Gasco zinegotzia eta bere txakurra izan dira irabazleak, ‘Pintxo-pintxo’ abestiarekin.
Realaren abestia ereserki moduan abestu ondoren, Piratek giro onean jarraitu dute txarangaren atzetik Parte Zaharreko kaleetan zehar. Hurrengo urtera arte, amaitu da Aste Nagusia.
Aste Nagusiko ale berezian, Irrikitaldiko antzerkian parte hartzen duten hiru kideri elkarrizketa egin die IRUTXULOKO HITZAk.