«Kritika soziala umoretik lantzeko aukera da Irrikitaldia»
Nagore Sarasola, Nerea Arriola eta Beñat Apalategi; Irrikitaldiko partaideak.
Irrikitaldia umorez eta kritikaz bustitzen duen antzerkiaren partaideak dira Nagore Sarasola (Parte Zaharra, 1994), Nerea Arriola (Gros, 1988) eta Beñat Apalategi (Gros, 1984). Gaur ospatuko dute Donostiako Piratek Irrikitaldia eta 17:00tan jarri dute hitzordua, Bulebarrean.
Nola sortu zen Irrikitaldia?
Beñat Apalategi (B.A.):?2006. urteko Aste Nagusiko azken igandean egin genuen lehen aldiz Irrikitaldia. Jaiak eraldaketa sozialerako tresna direla uste dugu, eta Piratok ezin dugu isilik gelditu Donostian gertatzen diren arazoen aurrean. Gai askoren inguruan daukagu zeresana, eta hiriko aldarrikapenek lekua eduki behar dute Piraten mugimenduan.
Hasiera batean, Donostiako Belle Epoque-aren parodia gisa sortu zen Irrikitaldia, eta ondoren, Koruko Andra Mariaren bezperako Salbe Nagusian egin ohi zen autoritateen paseilloaren parodia bihurtu zen. 1995. urtean Odon Elorzak kendu arte, hiriko autoritateek paseilloa egiten zuten udaletxetik Santa Maria elizara, eta horrek irudikatzen zuen Donostiaren kritika egiten hasi ginen Irrikitaldian.
Esanguratsua da autoritateen paseilloak fisikoki Udaletxea eta eliza elkartzea, eta horregatik, badaude urteroko parodian mugiezinak diren pertsonaiak, esaterako, Elizaren edo udalaren boterea irudikatzen dutenak.
Zein da Irrikitaldiaren helburu nagusia?
B.A.:?Irrikitaldiaren sorreraren helburu nagusia Piraten jarduna eduki politikoz janztea izan zen. Donostiaren iraganeko elementuak kritikatzeaz gain, urte bakoitzean hirian pasa diren gertakari esanguratsuenen kritika ere egiten da. Irrikitaldia ez da bakarrik parrandarako ospakizun bat, jaia eta aldarrikapen politikoa uztartzeko espazioa ere bada.
Nerea Arriola (N.A.):?Aldarrikapenak umorearekin eta gozamenarekin lotzeko modu bat da Irrikitaldia, eta nire ustez, umorea, kritika politikorako oso eraginkorra den tresna da. Hortik dator hitza bera:?irria eta ekitaldia elkartzeko helburua duen ospakizuna da.
Nagore Sarasola (N.S.):?Urtean zehar, aldarrikapen soziala kalean mantentzen duten eragile eta pertsonak daude, baina Irrikitaldian oso modu desberdinean gauzatzen dira borroka horiek, umoretik, hain zuzen.
Zer nabarmenduko zenukete ospakizun honetatik?
N.S.:?Irrikitaldian parte hartzen dugun guztiok egitasmoaren esentzia eta helburua argi dauzkagu eta ondorioz, jendearen erantzuna oso ona izaten dela. Oso garrantzitsua da hori niretzat. Antzerkia prestatzen dugunon artean, aktoreak eta antzerkian inoiz ibili ez diren pertsonak nahasten gara, eta bakoitzak bere ekarpena egiten du. Gainera, antzerkian azaltzen ez diren kritika eta aldarrikapen asko, desfilean parte hartzen duten pertsonek egiten dituzte. Bakoitzak berea prestatzen du, bakoitzak bere modura, baina denok sintonia berdinean.
N.A.:?Nik, alde batetik, antzerkiak kritika sozialerako ematen duen aukera azpimarratuko nuke. Kritika sozial komun bat badago, eta gainera, talde edo norbanako bakoitzak bere kritika propioa egiten du. Jendearen inplikazioa eta bakoitzak bere kritika umoretik garatzeko gaitasuna oso garrantzitsuak dira Irrikitaldian.
Bestetik, gero eta jende gehiagok modu aktiboan parte hartzen duela nabarmenduko nuke. Nire inguruan aldaketa nabaria ikusi dut. Garai batean besterik gabe jantzi, antzerkia modu pasiboan ikusi eta gero parranda egiten zutenak, orain, urtero, zerbait pentsatu eta sortzera animatzen dira.
Aste Nagusiari itxiera emateko oso modu ona iruditzen zait. Oso nekatuak egoten gara, baina hala ere, barre egiteko gogo izugarria izaten dugu, eta gainera, modu iraultzaile batean.
Zer gertatuko da aurten Irrikitaldian?
B.A.:?Hainbat ideia ditugu buruan, baina oraindik ez diogu antzerkiari formarik eman. Egun gutxi gelditzen diren arren, jendea animatu nahi dugu bere sormena garatu eta Irrikitaldian parte hartzera. Antzerkian parte hartu nahi duen edozein ongietorria izango da, noski; bestela, desfilean aldarrikapen eta ideia guztiek daukate tokia.


