Ramon Agirrek jasoko du Zinemira saria
66. Donostiako Zinemaldiak eskainiko duen euskal zinema aurkeztu dute gaur Tabakaleran. Bertan iragarri dute aurtengo Zinemira saria Ramon Agirre aktore donostiarrak jasoko duela. Euskal Zinemaren festan jasoko du, irailaren 25ean Viktoria Eugenia antzokian.
Lau filmetan ikusi ahal izango da Agirre aurtengo Zinemaldian. Zuzendari Berriak saileko Oreina (Koldo Almandoz, 2018) filmean eta Zinemiran aurkeratutako beste hiru lanetan: Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018) –pertsonaia bati ahotsa jarri dio–, Errementari (Paul Urkijo, 2017) eta Bajo la piel del lobo (Samu Fuentes, 2017).
2019an beste bi lan estreinatuko ditu. Batetik, Dolor y gloria (Pedro Almodovar) eta bestetik Agur Etxebeste! (Asier Altuna eta Telmo Esnal). Hain zuzen ere, une honetan ari dira filma grabatzen. Agirreren filmografia luze eta oparora gehituko dira aipaturiko pelikulak.
Zinemaldiak eta IBAIA eta EPE ekoizleen elkarteak euskal zinemagintzako pertsona ospetsu bati ematen diote ohorezko saria. Aurreko urteetan Imanol Uribe (2009), Alex Angulo (2010), Elias Kerejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramon Barea (2016) eta Julia Juaniz (2017) izan dira saridunak.
Erlazionatutako edukiaZinemaldiak inoiz baino euskal ekoizpen gehiago izango ditu