Sagardoarekin hasten dena
Euskal?Jaien egitarauak kirola, kultura eta gastronomia uztartuko ditu, beste behin ere. Irailaren 9ra bitarte askotariko jarduerak izango dira itsasoan, eta batez ere, lehorrean.
Kontxako sailkatze estropadek ematen diote hasiera ofiziala Donostiako?Euskal Jaiei. Horrela ere, Sagardo Eguna izaten da astebete luzeko festaren abiapuntua. Bihar, hilaren 1ean, sagardoa dastatzeko aukera izango dute Konstituzio plazara joaten direnek. Gipuzkoako 34 sagardogilek eskainiko dute euren sagardoa 11:00etatik 14:00etara. Horrez gain, sagar muztioa nola egiten duten erakutsiko dute plazan beste behin ere, eta Estanga Anaiak trikitilariek girotuko dute goiza.
Sagardogileen topa eta omenaldia, berriz, 12:30ean egingo du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Aurten, Juan Inaxio Astiazaran –IRUTXULOKO HITZAk elkarrizketatu du– eta Isabel Diaz senar-emazteak omenduko dituzte. Astiazaran sagardoaren ekoizleak dira eta Zubietan dute Iruin sagardotegi eta jatetxea. Sagardogintzari eskainitako guztia eskertzeko ekitaldia izango da.
Konstituzio plazan ez ezik, San Jeronimo kaleko Udal Liburutegiko kriptan ere sagardoa dastatzeko aukera egongo da. Bereziak eta Euskal Sagardoa jatorri deitura dutenak probatu ahal izango dira. Dastaketaren txartelak plazan egongo den informazio gunean erosi ahalko dira 5 euroren truke, eta lau sagardo dastatzeko aukerarekin.
Berrikuntza bakarra
Euskal Jaien egitarauari dagokionez, Lur kolektiboak antolaturiko artisautza azoka da berrikuntza. Frantziako pasealekuan 24 postu egongo dira irailaren 9ra bitarte –11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:30era–. Artisauek beraien produktuak saltzearekin batera, partaidetza ikastaroak eskainiko dituzte. Doakoak izango dira eta soilik hiru egunetan: gaur, irailaren 3an eta 5ean.
Asteburuan jarduera gehiago eskainiko ditu Euskal Jaien egitarauak. Bihar, Nekazaritza Ekologikoaren XVII. azoka eta Gipuzkoako Tomateen erakusketa eta lehiaketa egingo dute Bulebarrean, 10:00etatik aurrera. Arratsaldean, berriz, VII. Toka Txapelketa eta V. Haurren Toka txapelketa egingo dute Zuloaga plazan (18:00). Etzi, estropadekin batera, azpimarratzekoa da Konstituzio plazan egingo duten Dantza Sueltoko Txapelketa (18:00).


