Juan Inaxio Astiazaran: "Ederra da nire elkarteak horrelako omenaldia eskaintzea"
Juan Inaxio Astiazaran; Iruin sagardotegia
Sagardogileen familiakoa da Juan Inaxio?Astiazaran (Zubieta, 1953). Aitonak sagardoa egin, idiak hartu eta gurdian eramaten zuen Donostiara, bertan saltzeko. Aitak ere etxean egiten zuen sagardoa, eta berak 45 urte inguru daramatza Astiazaran sagardoa ekoizten. Semeek bide bera hartu badute ere, sagardogintza ez du baztertu.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak emaztearekin batera omenduko zaitu Sagardo?Egunean. Berezia izango da?
Ederra da nire elkarteak horrelako omenaldia eskaintzea. Ni bezala badira lehenago sagardogintzan lan asko egindakoak, eta beraien esker ona jasotzea benetan polita da. Bihotzez eta sasoiz jarraitzeko asmoa dut sagardoa bazterrera utzi gabe. Halere, ondorengoei dagokie sagardoaren alde lanean jarraitzea, eta beraiek ikusi dute besteok ere aurretik lan asko egin behar izan dugula.
Astiazaran sagardoarekin zenbat aldiz izan zarete Konstituzio plazan?
Aurtengoa 33. Sagardo Eguna da, eta guztietan parte hartu dugu. Gure garaian elkartean kezka handia zegoen sagardoari merezi zuen bultzada emateko. Izan ere, bigarren mailako edari gisa ikusten zen. Sagardogileen elkartetik lan asko egin genuen, eta horrela sortu zen Donostiako Sagardo Eguna, besteak beste. Urteekin sagardo ekoizpenak gora egin du kopuruz eta kalitatez. Gauza berriak probatu dira, eta nik uste dut etorkizun oparoa duela.
Eta gustuko al duzu?
Bai, noski. Festa polita da, eta giro onekoa. Gainera, ordutegia murriztu zutenetik egokiagoa iruditzen zait. Hasierako urteetan egun osokoa izaten zen, eta arratsalderako alkoholak bere ondorioak eragiten zituen. Orduan erabaki zen eguerdian egitea eta hiru ordura murriztuta.
Iruin sagardotegia duzue Zubietan. Nondik dator izena?
Baserria Irigoien da, eta ekoizten dugun sagardoa Astiazaran. Ordea, ez dakigu Iruin izena nondik datorren. Gure ondoan anaiak Irigoien jatetxea du, eta guk desberdintzeko Iruin jarri genion sagardotegiari. Izan ere, Zubietan eta inguruan betidanik izan da ezaguna izen horrekin.


