Berdintasunaren inguruko inkesta bat jarri du abian udalak
Hiriko emakumeen eta gizonen egoera ezagutzeko diagnostikoa egiten ari da Donostiako Udaleko Berdintasun saila. Informazioa biltzeko herritarrei zuzenduriko inkesta bat jarri dute www.donostianberdin.org atarian. Emakume eta gizonen egoera hobeto ezagutzea du helburu, desberdinak ikusi eta azken urteetako bilakaera antzematea.
Parte hartzen dutenen artean berdintasunarekin loturiko produktu kulturalen hiru saski zozkatuko dituzte. Inkesta ere emakumeen elkarteei zuzendu diete. Urriaren 29ra egin daiteke, eta zozketa azaroaren lehen hamabostaldian egingo dute.
2012an antzeko azterketa egin zuten, indarrean dagoen Berdintasunerako III. plana idazteko eta oso baliogarria izan zela azpimarratu du udalak. Berdintasunerako diagnostiko batek planaren lan lerroak bideratu ez ezik, herritarrentzako baliogarria den informazioa ere ematen du. Informazio hau, era berean, emakume eta gizonen berdintasunaren esparruan interesa duten pertsona eta ikertzaileentzako baliogarria izan daiteke.