(Argazkia: Alternatiba Tourra)
Donostiako hainbat herri mugimenduk eta eragile sozialek harrera egingo diote bihar bizikletaz hirira iritsiko den
Alternatiba Tourrari. Bost herrialde eta 200 etapa igaroko dituen egitasmo honek 5.800 kilometroko ibilbidea amaituko du asteburuan, Baionan.
Aldatu dezagun sistema, ez klima! lemapean, tour honek Europako herri desberdinak bisitatu ditu, horietako bakoitzean proiektu kaltegarrien aurkako borrokan nahiz alternatiba eraldatzaileak sortzen ari diren tokian-tokiko mugimenduekin elkartuz.
Donostian erraustegiaren eta Topoaren igarobidearen aurkako salaketak izango dira tourraren aldarrikapen nagusiak, eta ekonomia solidario eta eraldatzailearen bidea abiatu duten ekimenei babesa adieraziko zaie ere bertan. Katalunia plazan egingo diete harrera herritarrek, 18:00etan, eta gero hiruzpalau kilometroko ibilaldia egingo dute hirian barrena, bizikletekin. 19:00etan Gipuzkoa plazan bilduko dira, aldundiaren aurrean ekitaldi bat egiteko. Bestalde, 12:00etatik 20:00etara bitarte erakusketa informatibo bat ipiniko dute aldundiaren aurrean, Alternatiba Tourrari, erraustegiari eta Topoaren igarobideari buruzko datuekin.