Iñaki Kijeraren artxiboko argazki bat. (Argazkia: Euskal Memoria)
Bihar, urriak 6, Iñaki Kijerari omenaldia egingo diote Parte Zaharreko gaztetxearen inaugurazioan. Iñaki Kijera donostiarrak 18 urte zituen 1979. urtean polizia espainiarrak tiroz hil zuenenean. Urte hartako irailean euskal iheslariak gose greba egiten ari ziren Ipar Euskal Herriko hainbat herritan, Euskadin bizi nahi dugu lelopean.
Errefuxiatu eta preso politikoen aldeko elkartasun agerraldiak ugariak izan ziren eta horietako manifestazio batean hil zuten Kijera, Donostiako Ijentea eta Kanpandegi kaleen tartean hain zuzen. Gaur egun, Parte Zaharreko gaztetxea, Kanpandegi kalean dago.
Kijera hil zuen polizia, Salvador Méndez Villatoro, identifikatu eta bederatzi urte beranduago epaitu zuten. Donostiako epaitegiak urte beteko espetxe zigorra ezarri zion, zuhurgabetasunez Kijera hiltzeagatik.