(Argazkia: Donostiako Udala)
Hurrengo asteetan Txomin Eneako auzotar berriek euren etxeetako giltzak jasoko dituzte. Hain zuzen ere, lehen 60 etxebizitzetako giltzak banatuko dituzte –30 udalak sustatu ditu eta beste 30 Amenabar eraikuntza enpresak–. Eneko Goia alkateak Txomin Eneako lanak bisitatu ditu Amenabarreko arduradunekin batera.
“Txomin Enea da udalak eskuartean duen hirigintza garapen nagusiena. Eta Eusko Jaurlaritzak leku berean egingo dituen etxebizitzak ere kontuan hartuta, auzo berriak ia 900 etxebizitza izango ditu”, azaldu du Goiak. Amenabar da lehen etxebizitzen fasea egiten ari dena, eta orotara, 610 etxebizitza eraikitzen eta sustatzen ari da. Auzoko hainbat kokapen egiteko lanak oso aurreratuta daudela adierazi dute.
Aurreneko etxebizitza horien ondoren, abenduan beste 65 etxebizitzetako giltzak emango dira. Etxebizitza horiek guztiak ostatu ematekoak dira: 57 udalarenak eta 8 Txomin enpresa elkartzearenak. Horiekin batera, beste 122 etxebizitza libreetako giltzak emango dira. Guztira, beraz, 247.
2019an beste 363ren giltzak emango dira. Horietatik 162 udalak emango ditu eta Amenabarrek 201. Hortaz, hurrengo urterako 610 etxebizitza eginda egongo direla azpimarratu du udalak. Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen 262 etxebizitzak, ordea, 2021 eta 2022 urte artean bukatuko dira. Horrenbestez, Txomin Enearen lehen fasea 872 etxebizitza berrien eraikitzearekin bukatuko da.