‘Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik’ infografiaren aurkezpeneko parte hartzaileak. (Argazkia: Irekia)
Bertsolaritzak azken lau hamarkadetan izan duen bilakaera aztertu dute genero ikuspegitik. Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeok sortutako infografia batean irudikatu dute Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek landutako edukia. Lan honetan bertsolaritzan genero ikuspegia txertatzeak ekarri dituen ondorioak bildu dituzte, izan ere, Alberdiren esanetan, emakume bertsolariak bertsolaritzara inkorporatzea plaza bera eraldatzen ari da.
Udal Liburutegiko sotoan egin zuten aurkezpena atzo, hilak 27, eta Agirreazaldegik bilduma grafikoa egiteko ideiaren bilakaera azaldu zuen. Hasiera batean, Maialen Lujanbioren bertso ibilbidea jasotzeko asmoa izan zuten, baina azkenik, norbanako bakarrean zentratu beharrean, bertsolaritzara aldaketak ekarri dituen “talde handian” fokua jartzea erabaki zuten. Txakur Gorriak sortu eta
Berriak,
Argiak, Jakinek eta Lankuk argitaratutako proiektuak bertsolaritzan emakumezkoek egin duten ekarpen “ikusezina” bistaratzea du helburu.
Azken urteetan hainbat emakume dabiltza genero begiradatik bertsolaritzaren inguruko hausnarketa egiten, eta Agirreazaldegiren ustez, hiru esparrutatik edan du hausnarketa kolektibo horrek. Alde batetik, emakumezko bertsolarien ibilbidea bera dago, eta bestetik, mugimendu feministatik etorritako analisi eta eragina. Azkenik, akademiako ikerketa arlotik egindako ekarpenak daude. Gainera, aurkezpenean azaldutakoaren arabera, infografiaren sorkuntza prozesuan zehar bertso eskoletako neska gazteak ere izan dituzte buruan.
Abenduaren 5ean hasiko da Durangoko Azoka, eta han izango da salgai infografia,
Berria,
Argia, Jakin eta Lankuren erakusmahaietan.