(Argazkia: Donostiako Udala)
Gabonerako Azoka aurkeztu du Donostiako Udalak. Aurten, askotariko egitasmo, gune eta jarduera zirkuitu bat izango du hiriko erdialdeko toki desberdinetan. Larunbatean izango da azokaren eta argiztapenaren inaugurazioa, 19:00etan, Frantzia pasealekuan. Xabi Prieto futbolariak, Atzegiko adinez txikikoek eta Orfeoi Txikiak parte hartuko dute. Ibaitik su artifizialak botako dituzte.
Aurtengo berrikuntza nagusia 50 metroko altuera duen noria handia izango da, eta dagoeneko Alderdi Ederren jarri dute. Horrekin batera, aurten ere, gabonetako produktuen etxetxoak jarriko dituzte Frantzia pasealekuan. Etxetxo berriak, aldiz, Artzain Onaren atzean kokatuko dituzte, lera pista, gabonetako zaldiko-maldikoak eta publiko guztientzako jardueren eguneroko programa bat.
Gabonetako azokaren osagarri izango dira argiztapen berezia, Cervantes plazako bola handia, gabonetako zuhaitzak Okendo plazan, Artzain Ona inguruan eta Miramar jauregian, zubi argiztatuak eta abar.