Dandai elkartea: «Gu bagoaz, baina lasai gaude egitekoa bete dugulako»
60 urte daramatza Dandai elkarteak Egiako emakume askoren topagunea izaten, eta askorentzat, ahalduntzeko ezinbesteko proiektua izan da. Errelebo faltagatik ibilbidea amaitutzat emango du 2019an.
Dandai elkartea modu ofizialean 2002an osatu bazuten ere, proiektuaren oinarriek 60ko hamarkadan dute jatorria, 1966an Egian ireki zuten Kutxa Fundazioko Familia eta Gizarte Prestakuntza Zentroan, hain zuzen. Kutxak proiektua bertan behera uztea erabaki zuen, eta momentu horretan zentroaren ikastaroetan parte hartzen ari ziren emakume talde batek bertan jarraitzea erabaki zuen:?«Umezurtz sentitu ginen, eta esan genuen: gu ez goaz hemendik», dio Pilar Romea Dandaiko kideak.
Elkarteko kide gehienak 70 urteren bueltan dabiltza, eta emakumeen ikusgarritasuna sustatzeko eta emakumeen arteko lankidetzaren bitartez aberastasun pertsonala indartzeko lan handia egin dute urte hauetan guztietan. Elkarteak Egiako Tejeria kalean du egoitza eta urtez urte ikastaroak eta jarduerak antolatu izan dituzte. Dandaiko Lourdes Otxoaren arabera, milaka izan dira Dandaitik pasa diren emakumeak.
Conchi Gonzalezek aitortu du kosta egin zaiela onartzea Dandairen ibilbidea amaitu dela, baina prozesu naturaltzat du: «Sortu zenean, beste garai batzuk ziren. Egiara emakume migratzaile asko etorri ziren, eta hemen topagune bat aurkitu zuten. Gaur egun, auzoko emakumeek beste behar eta topagune batzuk dituzte».
Dandaik funtzio garrantzitsua izan du Egian, eta baita hirian ere. Hala ere, gaur egun emakumeen beharrei erantzuna emateko beste zerbitzu batzuk daudela adierazi dute, esaterako, Emakumeen Etxea, edo Plus 55 programa.
Bi arrazoi nagusi
2019ko ekainera arte aurten programatutako ikastaroekin jarraituko dutela esan dute, baina ikasturtea «lasaiago» hartuko dutela. Romeak azaldu du nekatuta daudela, eta horrez gain, bi arrazoi nagusi egon direla erabakia hartzeko. Alde batetik, errelebo falta dago, eta bestetik, diru laguntzak eskatzerakoan azken urteetan jarri dituzten sistema digitalizatuen muga. Otxoaren arabera, pena handia sortzen die auzoko gazteek Dandai mantentzeko interesik ez izateak, baina ulergarria dela aitortu du.
Bestalde, Dandairen jarduerak diru laguntzetan oinarritzen direla kontatu dute, eta Gonzalezen ustez, gaindiezina den burokraziak izugarrizko kaltea egin die:?«Adin batetik aurrera, oso zaila da teknologia berriek eskatzen dutena betetzea». Era berean, gaineratu du beste emakume elkarte askok arazo berak dituztela.
Harro azaldu dira urte hauetan guztietan egindako lanarekin, eta Dandairen helburu guztiak bete dituztela baieztatu du Maria Pilar Samperiok: ?«Gu bagoaz, baina lasai gaude gure egitekoa bete dugulako. Auzoko emakume askorentzat bizigarri bat izan da Dandai, baina helduak gara jada, eta nekatuta gaude».