Mikroantzerki Maratoia egingo dute Kontadoresen
Mikroantzerki Maratoia egingo dute Bidebietako Kontadores kultur gunean, hirugarren urtez. Helburua da bultzatzea hemengo gazte izaerako eta formatu txikiko antzerkigintza. Aldi berean, parte hartzaileen ekoizpenak bultzatu nahi dituzte, eta motibatu nahi dituzte euren sormen prozesuan aurrera egiteko. Larunbatean izango da topaketa, 18:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Hiru mikroantzezlan eskainiko dituzte, bi euskaraz eta bat gaztelaniaz, eta bakoitzak 15 minutuko iraupena izango du: Entre comillas, Behobia/SS-Txaloka ero moduan, eta Horse in the porch.
Formatu txikiko ikuskizunak izango direnez, azpimarratu dute antzezleen eta publikoaren artean hurbiltasun handia egongo dela. Gertutasunaren ondorioz, sortzaileekin hitz egiteko aukera egongo dela diote antolatzaileek: «Formatu handiko emanaldietan sor ezin daitekeen hurbileko giroa eta tratua eragin nahi du maratoiak».
Entre comillas lana Node Akziona! taldearena da. Iñaki Cid da egilea eta antzezleak izango dira Iñaki Cid, Estitxu Veintemillas, eta Lucia Laguarda. Adela idazlea da protagonista, arazoak izango ditu eleberriko pertsonaiak bere aurka jarriko direnean.
Libe Mendizabalena da Behobia/SS-Txaloka ero moduan antzezlana. Eszenatoki gainean ariko dira Libe Mendizabal eta Tessa Andonegi. Lasterketa bat egitearen txarrena hurrengoaren zain egotea dela diote. Itxaronaldi horren kontrako antidotoa aurkeztuko dute.
Horse Konpainiak sortu du Horse in the porch lana. Mirari Arin eta Silvia Gonzalez dira egileak eta aktoreak. Hiru pertsonaia psikodeliko ekaitz batean harrapatuak geratuko dira; abentura ederra biziko dute.
Maratoirako deialdi irekia egin zuten, eta lanak aurkezteko epea jarri zuten urriaren 9tik azaroaren 9ra. Guztira 16 mikroantzerki pieza jaso zituzten, 29 lagunen eskutik. Alazne Etxeberria eta Jon Ander Alonso epaimahaikideek azpimarratu dute aukeraturiko hiru obren askotariko izaera eta balio eszenikoa. Baita piezetan landuriko umorea eta trataera originala ere.



