Mikel Alonso futbol jokalari ohiari omenaldia egingo diote larunbatean
Agur modura, larunbat honetan, hilaren 8an, bere taldekide izandako futbolari eta lagunen arteko neurketa bat jokatuko dute Tolosan, Berazubi Estadioan (16:30). Bere ibilbide profesionalean garrantzitsuenak izan diren bi taldeak ariko dira aurrez aurre: Reala eta Antiguoko. Hala ere, beste hainbat klubetako taldekideak ere izango dira berdegunean. Realarekin, esaterako, Aitor Lopez Rekarte, Zuhaitz Gurrutxaga, Boris, Asorey, De Pedro, Gabilondo, Joseba Llorente edota Gari Uranga izango dira, besteak beste. Bere anaia Xabi Alonso ere han izango da.
Antiguokorekin, aldiz, duela 20 urte jubenil mailako Errege Kopako finala jokatzeko zorian izan ziren taldekideak bildu nahi izan dituzte: Ignacio Azpilikueta, Gaizka Saizar, Jon Altuna, Iban Fagoaga, David Asensio, Gorka Larrea, Beñat San Jose, David Asensio, Oier Larrainzar, Mikel Txoperena… Entrenatzaile lanetan, berriz, Alonso anaien lehen prestatzaile izan ziren Oscar Landa, Iñigo Santin eta Txurun Furundarena izango dira. Bolton taldean elkar ezagutu zuten Daniel Braaten jokalaria ere etorriko da Norvegiatik. Alonso anaiek lehen zatia Realarekin jokatuko dute, eta Antiguokokorekin bigarrena.
Agurreko neurketa Berazubin izateak ere badu bere berezitasuna: batetik, Alonso anaiek bertan egin zituztelako lehen urratsak futbolean. Bestalde, Periko Alonso aitak ere bertan hartu zuen erretiroa, 80ko hamarkadan. Hain zuzen, Periko bera izango da Realeko taldearen entrenatzaile lanetan ariko dena. Epaile lanak, berriz, hirugarren anaiak, Jonek, egingo ditu. Sarrera doakoa izango da.
Azken lau denboraldiak Real Unioneko jokalari gisa egin ditu.
Mikel Alonsok 2017-2018 denboraldiaren amaieran eman zuen amaitutzat bere futbolari ibilbidea.