Igor San Jose, ELAko eraikuntza eta Herri Lanen arduraduna, prentsaurrekoan. (Argazkia: ELA sindikatua)
Anoetako futbol estadioaren birmoldaketa lanetan iruzurra izan dela agerian uzten duen txostena aurkeztu du ELA sindikatuak gaur goizean. Igor San Jose, ELAko eraikuntza eta Herri Lanen arduraduna izan da txostenaren egilea, eta azaldu duenez, Errealak gutxiago ordaintzeko lanen lizitazioa prezio merkean egin zen, eta horrek segurtasunean eta lan baldintzetan izan dituen ondorio larriak salatu ditu.
Txostenaren arabera eta San Josek adierazi duenez, birmoldaketa lanen aurrekontua ezarri zenean piztu zen mesfidantza ELAn, izan ere, 50 milioi euroko aurrekontua ezarri zen obrak egiteko, ELAkoaren ustez “erabat irreala den kantitatea, tamaina horretako obra baterako”. Donostiako antzeko lanetan ezarritako aurrekontuak oinarri hartuta ELAk egindako kalkuluen arabera, Anoetaren birmoldaketa lanak egiteko, gutxienez, 70 milioi euro beharko lirateke. San Joseren ustez, “Realak ordaindu behar zituen 50 milioi horietatik kanpo geratzen den diru kantitatea lan prekarietatean sakonduz eta diru publikoa xahutuz ordaindu da”.
San Josek kritikatu du arduradunek lurraldearentzat garrantzia handiko proiektua dela esaten duten bitartean, uko egiten diotela lurraldeko eraikuntzako lan hitzarmena betetzeari. Gainera, birmoldaketa lanetan dabiltzan langileen eskubide urraketak aipatu ditu: langile gehienek 10, 11 eta 12 ordu igarotzen dituzte lanean eta Gipuzkoako Hitzarmen Kolektiboak zehazten duen soldata baino askoz gutxiago jasotzen dute, lan ordu bakoitzagatik 5 eta 8 euro artean kobratzen dituzte, eta behargin batek gaixotasun baja hartzen duenean kaleratu egiten dute. ELAk Anoeta estadioa birmoldatzeko lanei makina bat salaketa jarri dizkiola adierazi dute txostenean, honako arrazoiengatik: lan baldintzak ez betetzeagatik, dokumentuak faltsutzeagatik, eta langileak legez kontra lagatzeagatik.
IRUTXULOKO HITZAk
Igor San Joseren hitzak jaso zituen maiatzean argitaratutako erreportaje batean.