Espainiar Errepublikaren aldeko martxa egin dute Donostian
Gaur eguerdian, Espainiar Errepublikaren aldeko manifestazioa egin dute Donostian. Nicolas Gerendiain, Belabieta eta Donostiako Errepublikarrak taldeek deitu dute martxa eta ehunka herritarrek parte hartu dute, Espainiako Konstituzioaren egunean.
Errepublikaren aldeko alderdi politikoetako ordezkari hainbatek bat egin dute manifestazioarekin. Hala nola, Isabel Salud Unidos Podemoseko diputatua Espainiako Kongresuan, Jon Hernandez EPKko idazkari nagusia eta legebiltzarkidea, Arantza Gonzalez Ezker Anitzaren Gipuzkoako koordinatzailea eta Amaia Martin Irabazi Donostiako bozeramailea.
Martxa hasi aurretik Saludek adierazpenak egin ditu. “Gure alderdiak errepublikaren eta estatu federalaren eredua aldarrikatzen du”. Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentziaren kontra agertu da Salud. “Euskal edo kataluniar errepublika babesten dutenekin ez gaude ados, independentzia eta bereizketa eskaintzen ari direlako. Ezker Anitzak bere aldetik esan du Espainiaren “batasunaren” alde dagoela eta “Espainiar errepublika bat letra larriz” nahi dutela. Gainera, hirugarren errepublika bat aldarrikatu dute.