(Argazkia: Estitxu Zabala)
Gaur hasiko dira Antiguako sansebastianak, eta danbor hotsez harago jarduerez beteriko egitaraua antolatu dute hilaren 27ra bitarte. Txupinarekin eta ohiko poteo elegantearekin abiatuko dituzte jaiak.
San Sebastian eguna, hilak 20, asteburuan tokatzen denez, hiru asteko festak izango dituzte Antiguan. Gaur arratsaldean abiatuko dituzte sansebastianak eta ohiko egitaraua zertxobait moldatu eta osatu dute. Lehen asteburuko protagonista Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izango da. Haren omenezko ibilaldia eta ekitaldia egingo dute igandean.
Txupina 19:00etan jaurtiko dute Gaskonia plazan, baina aurretik haurrentzako jarduerak izango dira. Gazteen txanda ordubete beranduago iritsiko da poteo elegantearekin. 20:00etan abiatuko dira Gaskonia plazatik txarangak lagunduta. Iazko eguraldi hotz eta iluna alaitzeko modua izango dute, aurretik hiru asteko festa izango dute eta.
Berritasunen artean nabarmendu behar da egitaraua are gehiago orekatu dutela adin tarte guztientzako. «Lehen aldiz, haurrentzako puzgarriak jarriko ditugu Gaskonia plazan», dio Asier Garikanok, Antiguako Jai Batzordeko kideak. Hain zuzen, bihar, 11:00etan etxeko txikienek aukera polita izango dute plazako karpan.
Gazte zein helduentzako kultur eskaintza zabala lortu dutela azpimarratu du Garikanok. Musika egitaraua bi gunetan antolatu dute. Antiguako frontoian hiru kontzertu emanaldi egingo dituzte, kuadrillen eguneko azken DJ saioaz gain. «Auzoko musika taldeek hartuko dute gaur frontoia, 22:30ean. Izenik Ez Band, Oihu eta Herenegun ariko dira zuzenean». Bihar, berriz, Antigua Rock jaialdi ezaguna egingo dute leku berean. «Mad Muasel, EtsaiakEroak eta Rotten XII taldeak arduratuko dira bakoitza bere proposamenarekin frontoia girotzen».
Hirugarren kontzertu bat ere izango da frontoian, hilaren 18an. «Zintzo eta Leialak zigilu donostiarrak Oi! musika hedatzea du helburu, eta kontzertu bat antolatu dute. Erasoka, Crap eta Oldarkor taldeek parte hartuko dute», azaldu du Garikanok. Horrez gain, Txantxarreka gaztetxean ere kontzertuak egingo dituzte: «Ketekalles eta Esentzia taldeak ariko dira 24an, eta Inoren Ero Ni 25ean».
Urteurreneko bertso sariketa
Hamar urte bete dira Mikel Laboa artista donostiarra hil zela, eta horregatik, berezia izango da aurten bere izena duen Antiguako bertsolari gazteen sariketa. Zortzigarrenez egingo dute igande honetan, 17:00etatik 20:00etara. Sei bertsolarik parte hartuko dute: Irati Alcantarilla, Aitor Etxebarriazarraga, Jon Gurrutxaga, Nahia Ibarzabal, Haritz Mujika eta Itxaso Piquer. Pasa den urtean Joanes Illarregik jantzi zuen txapela.
Antiguako gazteek gehien estimatzen duten kuadrillen bazkaria urtarrilaren 26an izango da, Ibaetako frontoian. «Iaz Pio Barojako esperientzia ez zen onena izan, eta erabaki dugu berriz ere Ibaetako frontoira itzultzea. Horrekin batera, frontoian DJ gaua egingo dugu aurrenekoz, 23:00etik aurrera».
(Argazkia: Estitxu Zabala)
‘Txillardegiren Antigua’
Datorren astelehenean, hilak 14, zazpi urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zendu zenetik. Hori dela eta, igande honetan, omenaldi berezia eskainiko diote Txillardegi Liburutegia ekimenak antolatuta. Batetik, Txillardegiren Antigua ibilaldi gidatua egingo dute auzoan.
Gaskonia plazatik abiatuko dira 11:00etan. Izan ere, han zegoen Txillardegi etxea. Bere haurtzaroaren eta Antigua zaharraren lekuko izan ziren hainbat leku erakutsiko dituzte. «Antigua zen Txillardegiren aberria. Erbestetik etorri ondoren, saiakera poetiko bihurtu zuen Haizeaz bestaldetik liburua. Antiguatik Txubillora egindako ibilbidean sorterrira itzultzeak erakarri zizkion hausnarketak eta burutazioak eskaini zizkigun erabat berritzaile izan zen testu batean», azaldu du Fito Rodriguez idazleak.
Bisitaldiaren geraleku bakoitzean azalpenak emango ditu Josu Tellabide etnologoak. Horietako bi dira Ondarreta eta Loretopea. «Ondarretatik ikuspegi zabala dugu. Brunet oligarkak egindako txaletak, hondartza eta pasealekua eta Txubillo mendia, besteak beste. Baita ere, Txillardegiren Santa Klara uharte kutuna», esan du Rodriguezek.
Iaz margoturiko horma irudiaren aurrean elkartuko dira bisitaldiaren ondoren. Txillardegiren omenezko ekitaldia egingo dute Gaskonia plazan 13:00etan. «Zuberoako Jean Louis Davant euskaltzainak, euskara batuaren berrogeita hamargarren urteurrenean, Txillardegiren ekarpenaz hitz egingo digu». Ondoren,
Euskal Herrian Euskaraz abestia eta bertso batzuk abestuko dituzte plazan, Pelax musikariak lagunduta.