San Sebastian eguna iragartzeko kontzertua eskainiko du Udaleko Txistularien bandak
Igande honetan, hilak 13, kontzertu berezia eskainiko du Donostiako Udalaren Txistularien taldeak, udal batzar aretoan (12:00). San Sebastian eguna iragartzeko emanaldia izango da, eta gonbidatu bereziak izango dituzte. Hala nola, Eskola Gurutziaga abesbatza, Kresalako Haur Danborrada, Zuhaizti Ikastolako dantzariak eta Donostiarra Metal boskotea.
Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte. Kontzertuan, hirian esanguratsuak izan diren pertsona ugari gogoratuko dituzte beraien sorkuntzen bidez. Besteak beste, Jose Olaizola, Inozenzio Gaztelumendi, Victoriano Iraola, Juan Cuadrado edo Luis Udakiola.
Udalak jakinarazi duenez, emanaldi berezi honekin San Sebastian patroiaren ospakizunei hasiera emango diote giroa eta hiria prestatzen hasteko.