Dbusek gorakada "historikoa" erregistratu du 2018an erabiltzaileei dagokienez
29.168.562 bidaiarik erabili dituzte Dbusen linea ezberdinetako zerbitzuak, iaz baino 766.503 pertsona gehiago.
Hiriko autobus zerbitzuen erabiltzaileen kopuruak 2000tik egon den gorakadarik handiena erregistratu du 2018an. Hain zuzen, 29.168.562 bidaiarik erabili dituzte Dbusen linea ezberdinetako zerbitzuak, iaz baino 766.503 pertsona gehiago. Era berean, jasotako zifra orain arteko bigarren handiena bilakatu da, 2012ko 29.216.698 bidaiarietatik hurbil.
Dbusek zifra hori goraipatu nahi izan du, uztaila hasierara arte Astiñeneko zubia itxita egon izanak 34.000 bidaia gutxiago suposatu dizkiola azpimarratuz. Gainera, autobus konpainiak nabarmendu du igoerak bere zerbitzu guztietan eman direla: lanegunetan, larunbatetan, igande eta jai egunetan eta baita ‘gautxori’ zerbitzuetan ere.
Beste urtebetez, gehien erabilia izan den linea 28arena (Amara-Ospitaleak) izan da, 4.141.657 bidaiarekin. Bigarrena 13a (Altza) izan da, 3.659.161 bidaiarirekin, eta 5a (Benta Berri) hirugarrena, 3.098.813rekin.