"Ingurumenarekiko kezka duten gazteek ezkerretik aurreratu gaituzte"
Militantzia eta ohituragatik Parte Zaharrean denbora asko pasatzen badu ere, bera Grosekoa dela azaldu digu Juan Mari Beldarrainek. Eguzkiko militante beteranoarekin bildu gara Parte Zaharreko Ordizia tabernan.
Zergatik aukeratu duzu Ordizia taberna?
Berez Loretxura eraman nahi zintudan, bermuta hor hartzen dudalako beti, baina gaur itxita zegoen. Ordiziara, berriz, arratsaldeko ardotxoa hartzera etorri ohi naiz.
Bi tabernatan zerbitzariak gazteak eta euskaldunak dira, eta turista gutxi daude. Hori nahikoa da niretzat leku hauetara etortzeko.
Nola ikusten duzu Parte Zaharra?
Eguzkin asko hitz egin ohi dugu ekosistemen inguruan, eta nik argi daukat Parte Zaharreko eta beste auzo batzuetako ekosistema ‘tabernarioa’ babestu egin behar dela, galtzen ari delako.
Tabernak sozializatzeko guneak izan dira beti, eta kanpoko kapitalak arriskuan jarri ditu orain.
Landare inbaditzaile bat sartu da ekosistema horretara?
Horixe bera. Landare inbaditzaile kapitalista bat, hain zuzen. Eta bertakoei lekuak kentzen ari zaizkie. Horregatik, tabernak aukeratzeko unean arduratsuak izan behar dugula uste dut, betiko lekuak desagertu egingo dira bestela.
Betiko tabernak bakarrik ez, eta betiko zuhaitzak ere desagertzen ari dira hirian.
Galera etengabekoa izan da, baina horren errua ez da Donostiarena, hiria kudeatzen dutenena baizik. Politikari horiei gauza bakarra inporta zaie: udalari dirua ekarriko dioten proiektuak lortzea. Auzoetako bizitza eta hiriko paisaiak ez zaizkie axola.
Badirudi Donostia Kontxari begira bizi dela, baina badia hiriaren hamarrena ere ez da. Hiria askoz handiagoa eta aberatsagoa da. Kanpoaldean, Donostiak gerriko berde izugarri bat zuen, mendi eta mendixka ugarirekin. Pixkanaka, ordea, magal horiek igotzen joan gara, dena urbanizatzen, eta berdeguneak galtzen.
Noiztik zara Eguzkiko militante?
Eguzkiko militante gehienak Komite Antinuklearretatik gatoz. Lemoizen aurkako borrokan egin genuen harremana. Hortaz, gutxienez 40 urte daramatzagu honetan sartuta.
Lemoiz etetea lortu zenean, lanean jarraitzeko erabakia hartu genuen, eta gure borroka ekologismora zabaldu genuen, Eguzki sortuz. Izena eta gure logoa borroka antinuklear horren oroigarri dira.
Nondik zetorkizun zuri ingurumenarekiko kezka?
Garaiko gazteen artean giro oso bizia zegoen, eta zerbait egiteko beharra handia zen. Lemoizkoa izugarrizko mamua zen, eta ez zen bakarra. Lau zentral eraiki nahi zituzten Euskal Herrian. Lau!
Astakeria horren kontra jende askok hartu zuen kontzientzia, eta gurea mugimendu apartidista zenez, oso erraza zen edonorentzat bertan parte hartzea. Pentsa, Donostian zortzi edo bederatzi komite antinuklear zeuden, auzoetan banaturik. Gauzak, noski, asko aldatu dira geroztik.
Iñigo kalean duzuen lokalak, ordea, hor jarraitu du.
Gure kobazuloa. Garai batean, San Bizente elizako parrokoak homilia batean esan zuen lokal horretan genbiltzanekin kontuz ibili beharra zegoela, deabrua gertu genuelako.
Egun Eguzkik erabiltzen duen arren, lokal horren jabetza BaiBaiua elkartearena da. Talde hori auzoko gazteek sortu genuen, kaiko jaiak antolatu eta hainbat egitasmo aurrera ateratzeko asmoz. Ikonoklastak ginen, eta ikurren aurkako ekintzak egiten genituen. Adibidez, Donostiako bandera erratz batetik zintzilikatu zuten lehenengoak izan ginen. Askorentzat hori sakrilegio hutsa izan zen.
San Sebastian eguna nola bizi den ikusita, herritar askok sakrilegiotzat joko lukete gaur ere.
Nik ez dut donostiartasuna batere ez bizitzen. Hiri honek zoragarria izaten jarraitzen du, batzuek horren kontrako ahalegina egiten badute ere.
Hori bai, Donostiak duen balio handiena naturarengandik etorri zaio. Hori gabe, hiri hau zer izango litzatekeen ikusi beharra dago. Daukaguna zaintzea oso garrantzitsua da.
Etxean dauzkazun landareak zaintzen ondo moldatzen zara?
Egia esateko, etxean ez dut landarerik. Garai batean banituen batzuk, baina horiei gaur egun behar ez dudan erabilera bat ematen nien (barrez). Landareak eta animaliak modu basatian nahiago ditut.
Lorategiek ez naute gogaitzen, baina grazia gutxi dutela iruditzen zait. Animaliei dagokienez, berriz, gaizki iruditzen zait txakur bat lepotik lotuta eramatea. Hori izugarrizko tratu txarra iruditzen zait. Utz ezazu txakurra aske eta bakean! Erabat ‘antimaskotista’ naiz.
Nola ikusten duzu egungo egoera ekologismoari dagokionez?
Hainbat proiektu gelditzeko indarra dagoela uste dut, baina azpimarratu nahi nuke alderdi politikoen menpe ez egotea oso garrantzitsua dela edozein mugimendurentzako. Alderdi batek borroka bat bere patrimoniotzat hartzen badu, akabo, gizartearen babesa eta aberastasuna galdu egiten delako. Ez dakit hori alderdi guztiek ulertu duten.
Bestetik, orain arte egindako lanari esker, gaur egun mundu guztiak bere burua ekologistatzat jotzea lortu da. Lehen, ekologistak hippy eta porrozale batzuk ginen gizartearentzat. Denborarekin, ordea, ekologismoaren garrantzia oinarritzea lortu dugu.
Orain mundu guztia da ekologista, ekologista ez izan arren.
Hor dago arazoa. ‘Demokrata’ hitzarekin berdina gertatzen da. Nork esango du gaur egun bera ez dela demokrata? Baina gero ikusi beharra dago zer ulertzen duten batzuk demokrazia gisa…
Zer moduzkoa dator gazteen erreleboa?
Gazteen sentsibilitateak beste bide bat hartu duela iruditzen zait. Ingurumenarekiko kezka dutenek ezkerretik aurreratu gaituzte, eta beganismoaren ortodoxiara pasatu dira. Beraietaz gaizki hitz egin nahi gabe, esango nuke nolabaiteko dogma negoziaezin bat onartu dutela.
Beraiekin dugun harremana ez da ona, eta gure borrokaren harrobia izan zitekeen hori ez da guregana gerturatuko. Baina behintzat helburu taktikoak adosteko gai izan beharko genukeela uste dut. Zezenketen aurkako udako manifestazioan hainbat eragile batera joatea lortu genuen, kostata izan bazen ere.
Batera egin dezakegun bidea egin dezagun elkarrekin, eta gero beraiek euren kabuz aurrera segi nahi badute, ba aurrera.
HAMABIETAN BERMUTA. Txipiroi kroketa eta ardo beltza.
Non. Ordizia taberna (Parte Zaharra).
Prezioa: 2,10 euro.