Rekalde tabernaren agur festa
Aldamar kaleko Rekalde taberna itxi egin zuten joan den abenduaren 30ean. Agus Rodriguez tabernako arduradunaren arabera, festa “zoragarri” batekin agurtu zuten. Jende askoren topaleku izan da, eta espazio honen bueltan ibili den lagun askok parte hartu zuten festan: “Gure helburua zen modu duinean bukatzea eta jendeak ikustea Parte Zaharra egoera larrian dagoela. Gure kasua ez da isolatua. Eta guk badugu alternatiba bat, baina badago jendea bizitza osoa Parte Zaharrean egin duena eta kanporatuak izan direnak”. Rodriguezek Grosen aurkitu du bere proiektuarentzako alternatiba. Txofre kalean ireki du gaur bere taberna berria: Pandora. IRUTXULOKO HITZAk elkarrizketa egin zion Rekalderen agurraren atarian.