Karmelo ikastetxea Scientia School enpresaren esku geratuko da
Moja karmeldarren ikastetxeak jabe berria izango du; Scientia School enpresak hartu du. Eskualdatzea komunitate erlijiosoaren erabakia izan da. 98 urteren ondoren ikastetxea uztea erabaki dute. Egungo langileen lanpostuak mantenduko direla bermatu dute, eta proiektu berriak Karmeloren balioei eta misioari eutsiko diela. Arduradun berriak hainbat zentro ditu nazioartean, eta orain Donostian ere izango du bat, Karmelo hartu ondoren.
Ikastetxearen behin behineko ibilbidea 1920an hasi zen, Urbieta kalean. Hurrengo urtean Easo kalera joan ziren. 1922an, Prim kaleko 25. zenbakian ireki zuten egoitza berria ‘Niño Jesus de Praga’ izenarekin. Han ere ez zuen luze iraun, leku gehiago behar zuten eta. Lehen urratsa Amarako zabalgunean lur eremu bat erostea izan zen, baina sortutako hainbat arazok atzeratu zuten lanen hasiera. 1969a arte itxaron behar izan zuten egun Amara Berrin duten zentroa ireki arte.