"Argazki zaharrak oso gustuko ditut"
Fausto Coppi txirrindulari italiarraren ibilbidea jaso du 'Biba Coppi!' liburuan Raul Perezek (Paris, 1976). Kazetaritza ikuspegitik landu du mitoaren bizitzan eta lorpenen zerrenda. Txirrindularitzari buruzko bere bigarren liburua da, eta hirugarren bat idazteko asmoa du.
Nor da Fausto Coppi zuretzat?
Bere ibilbidea aztertuta, historiako ziklista onenetakoa da. Bizitza edo garai gogor bat egokitu zitzaion, eta garai horrek bere bizitzari ukitu mitikoa eman zion.
Zergatik idatzi duzu Coppiri buruzko biografia?
Jaques Anquetil frantziarraren inguruko liburua idatzi nuenean, Coppi azaletik aipatu nuen, eta horrek erakarri ninduela uste dut. Baina ez dut arrazoi argirik topatzen. Anquetilen ibilbidea aztertu nuenean, baliteke pentsatu izana Coppirekin ere gauza bera egin nezakeela. Bestalde, Italiatik kanpo gutxi idatzi da Coppiri buruz, eta nire ekarpena egitea erabaki nuen.
Dokumentazio lan handia egin duzu?
Bost edo sei liburu irakurri ditut. Batzuk ingelesez, nahiz eta frantsesez hobeto moldatzen naizen. Internet ere iturri interesgarria da. Giro konkretu batzuei buruzko informazioa sarean topatu dut. Halere, liburuetan oinarrituta idatzi dut biografia.
Coppiren kirol ibilbidea eta bizitza pertsonala tartekatu dituzu liburuan. Biak batera doaz?
Dakidan gauza bakarra da, ez dakidala beste modu batera kontatzen. Beste batek akaso gaitasuna izan dezake kirol ibilbideari buruz bakarrik hitz egiteko, eta azken orrialderako uztea bere bizitzaren inguruko aipamenen bat. Nire kasuan, beste liburuarekin landutako joera errepikatu dut. Hau da, kazetaritza ikuspegitik kontatzea. Nire helburua ez da soilik txirrindularitza zaleei zuzenduriko liburua egitea, orekatu behar dela uste dut.
Bost Giro, bi Tour, Munduko Txapelketa bat, orduaren errekorra, hamaika ihesaldi eta balentria. Palmaresean lorpenen bat falta al du Coppik?
Galdera ona. Azken urteetan tematua zegoen Munduko Txapelketarekin, eta hori ere irabazi zuen. Coppiri falta zaiona, Bartali eta beste askori bezala, Bigarren Mundu Gerrak lapurtutako denbora da. Bost Giro baino gehiago irabaziko zituen agian, baina hori ez dugu sekula jakingo.
Coppi eta Gino Bartali. Ezaguna da bi italiarren arteko lehia, argazki famatua eta izan zuten laguntasuna. Harreman epikoa izan zuten?
Niri gustatuko litzaidake, nahiz eta itxaropena galdu dudan, film batean islatuta ikustea beraien arteko harremana. Oso bitxia da. Aurkari zein etsaiak izatetik lagun oso onak izatera pasa ziren. Gauzak zer diren, hain justu Coppik korritu behar zuen Bartalik zuzenduriko taldean, baina gertatu aurretik hil zen.
Bitxikeria gisa aipatu behar da Donostian izan zuten tirabira garrantzitsu bat 1949ko Tourrean. Biek lider izan nahi zuten, eta hori liburuetan agertzen da. Donostiako hotel batean gertatu zen. Gaur egun ere gertatzen den gauza bat da. Batak besteari boikot egiteraino iritsi ziren. Ez dakigu zer zen literatura eta zer kronika erreala. Eneko Garate Libros de Ruta argitaletxeko kideak dioen bezala, garai hartako kazetariek ez zuten dena ikusten, eta zaila da jakitea idatzitako dena egia den.
Giroan igotzen den mendate garaiena izaten da Cima Coppi. Mitoa da Italian.
Giuseppe Verdi eta Leonardo da Vinciren pareko pertsonaia dela esango nuke. Kirolari on gehiago eman ditu Italiak, Paolo Rossi futbolaria kasu. Baina Coppi ezagunagoa da. Gainera, aurten 100 urte beteko dira campionissimoa jaio zenetik. Seguru nago Giroan omenaldi bereziren bat egingo diotela. Oraindik ere errepideetan ikusten da bere abizena.
Zer nabarmenduko zenuke Coppiren bizitzatik?
Bigarren Mundu Gerran kontzentrazio esparru batean pasatako denbora. Ile apaintzaile lana egitea tokatu zitzaion. Bitxia da bizitzak zenbat buelta eman ditzakeen. Bestalde, politikoki oso garai korapilatsua izan zen. Mussolinik bere irudia erabili nahi izan zuen. Francok Urtain bezala. Bitxia da, zeren bai Coppik eta bai Bartalik ez zuten joko horretan sartu nahi izan.
Italiako ziklistaren aurretik, Jaques Anquetil frantziarraren biografia idatzi zenuen. Liburuen egitura errepikatu duzu?
Antzeko egitura baino, antzeko bizitza izan zutela esango nuke. Anquetilek sekulako lehia izan zuen Raymond Poulidorrekin. Baina kartetan jokatzen bukatu zuten, ordu txikitan bataren edo bestearen etxean, betiko lagunak izango balira bezala. Coppik eta Anquetilek bizitza nahiko gorabeheratsua izan zuten, eta bien heriotza goiztiarra izan zen. Egia da, Anquetil zaharrago zendu zela, eta ez zuela horrenbesteko inpaktua izan.
Iraganeko txirrindularitza epikoa gustuko duzu. Baita berreskuratzea ere. Zergatik?
Idaztea gustatzen zaidalako, eta interesgarria iruditzen zaidalako. Beharbada zaharra berreskuratzea gustuko dut. Retratos Legendarios del Ciclismo liburua etxean dudan altxor txiki bat da. Gaur egungo eta garai bateko istorioak zein argazkiak jasotzen ditu. Argazki zaharrak oso gustuko ditut.
Egungo txirrindularitza jarraitzen duzu?
Bai, baina pasio gutxiagorekin. Gustatzen zait eta etapak ikusten ditut. Gaur egun, zaletasuna lasaiago bizi dut.
Anquetilen eta Coppiren biografien ondoren, zein da hurrengoa?
Gustatuko litzaidake Donostiarekin lotura izan duten txirrindulari handi zein ezagunen inguruko liburua idaztea. Konturatu nintzen Anquetil Donostian izan zela eta Espainiako itzuli bat galdu zuela. Coppi ere egon zen Bartalirekin. Jabetu nintzen txirrindulari onenetakoak hiritik pasa direla, eta denek dutela pasarteren bat: Hinault, Merckx, Bahamontes, Armstrong, … Idazten hasi nintzen, eta gustatuko litzaidake argitaratzea bi edo hiru urte barru.
Euskaraz ez da askorik idatzi txirrindularitzari buruz.
Ez daude liburu asko, ez. Nik, ordea, argi nuen euskaraz idatzi nahi nuela, eta hauxe da nire ekarpena.
Txirrindularitzari buruzko zein liburu gomendatuko zenuke?
Hiru aipatuko ditut: Arriba Italia, Coppi: Inside the Legend of the Campionissimo argazki liburua eta Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da.

