"Kontatu diguten historia ez da erreala, emakumerik ez dagoelako"
Emariak liburua kaleratu berri dute Kalaka Komunikazioko kide Ilazki Gainzak (Donostia, 1986) eta Nerea Uriak (Hernani, Gipuzkoa, 1985). Historian zehar ekarpena egin duten hamabi andreren eta kolektiboren biografiak bildu dituzte. Emakumeen ikusgaitasun faltaz jabetuta osatu dute liburua, halako lehena euskaraz.
Historian zehar ekarpena egin duten hamabi emakume eta kolektibo bildu dituzue ‘Emariak’ liburuan. Horien izenak itzaletik argira ateratzeko intentzioarekin?
Ilazki Gainza: Historian zehar ikusgai izan diren andre bakarrak izan dira “inoren” emazte edo bikotekide izandakoak. Beraz ez dugu apenas emakume erreferenterik, eta hori nabari da hezkuntza arloan. Horregatik, asmoa zen eskoletan hutsune hori betetzea Emariak-ekin. Ez dugu lortu proiektu osoa garatzea, baina, halere, behar hori sumatzen genuen eta erabaki genuen liburu formatuan baliabide hori eskaintzea.
Nerea Uria: Erabaki genuen ez baginen heziketa guneetara ailegatzen, etxeetara iritsi nahi genuela. Geure helburua baita jendearengan eragitea.
Liburua “pentsamenduak astintzeko” tresna dela diozue, zergatik?
N.U.: Kontatu diguten historia ez da erreala, ez baitigute emakumezko erreferenteen berri eman. Egon badaude andre erreferenteak, baina ikusezin egin dituzte. Gainera, gaur egun informazioa badago, baina norberaren ardura da –eta bereziki helduona– horiek ezagutarazi eta transmititzea. Horregatik, liburua helduei zuzenduta egon arren, dibulgazioari eman diogu garrantzia. Haurrekin gai horien inguruan ere hitz egin ahal izateko. Aukera bat da emakumeok izan ditugun oztopo askoren inguruan hitz egin ahal izateko. Ahalduntze baten gisa ikusten dugu.
I.G.: Liburuaren izenari berari ere buelta asko eman dizkiogu. Hain zuzen ere, jaso nahi genuelako emakumezkoen emari eta ekarpen hori guztia. Isilarazi eta ezkutatu dira andre horiek egindakoa. Are, hain ezagunak ez diren emakumeen ekarpenak ere bildu nahi izan ditugu liburuan, aniztasuna ahal genuen heinean behintzat bermatzeko, bai jatorriari dagokionez eta baita garai historikoari dagokionez ere.
«Urgentzia» aipatu duzue. Berehalakoa behar luke andreen ikusgaitasunean eragitea?
I.G.: Badirudi orain guztiak daudela parekidetasunaren alde, baina ez gara ohartzen burbuila batean bizi garela. Asko dago oraindik egiteko, eta erreferenteak oso garrantzitsuak dira neska gazteek ere ikus dezaten astronauta, kirolari, kimikari… izan daitezkeela. Mutil gazteek badituzte erreferenteak arlo guztietan, baina neskek, aldiz, ez. Kezkagarria da XXI. mendean eskoletako testuliburuetan %75 izatea gizonezkoak.
Erreferenteak pertsonifikatu egiten dira sarri, baina zuek bi kolektibo ere ukitu dituzue: etxeko andreena eta sufragistena?
N.U.: Omenaldi txiki bat ere egin nahi genien. Lanik ezkutuenetan ezkutuena da etxeko andreena. Horregatik jarri ditugu lehenengo. Giza eskubideen atalean kokatu ditugu, egindako lana aitortzeko asmoz. Sufragistak ere atal horretan kokatu ditugu.
Halako liburu bat euskara hutsean egiten den lehen aldia da, gainera. Garrantzitsua da halako euskarriak euskaraz ere egotea?
I.G.: Zorionez ari da gaia lekua egiten, baina euskaraz, oraindik, ez zegoen halakorik. Gu, egunerokoan, euskaraz aritzen gara, lan egiteko hizkuntza dugu, eta horregatik faltan bota dugu emakumezko erreferenteak biltzen dituen euskarri bat. Feministak garelako, jakina, baina baita gure hizkuntzan halakoak egon daitezen nahi dugulako ere.
Hain zuzen ere, hamabi biografietatik bi dira euskal herritarrenak. Elbira Zipitria irakaslea eta Josefa Molera zientzialaria.
I.G.: Elbirak sekulako bultzada eman zion euskarari, eta hain justu, horregatik iruditu zaigu garrantzitsua liburu honetara ekartzea. Josefa, berriz, kimikaria izan zen. Mundu erabat maskulinizatua da, eta berak lortu zuen lekua egitea. Lan handia egin zuen esparru horretan aritzeko. Horregatik, iruditzen zaizkigu aipatu beharrekoak bai bata eta bai bestea. Jakina, beste hainbat hautagai ere bagenituen, baina ezin denak aipatu.
Biografia laburrak ez ezik, amaieran ariketa sorta bat ere jarri duzue, ezta?
I.G.: Hausnarketaz harago joan nahi genuen. Irakurterrazak diren testuak egin ditugu, baina bukaerako ariketa horiekin andre horiek egindako ekarpenaren inguruan eta testuinguruaren inguruan galdera batzuk egiten ditugu. Ulermena bai, baina nahi dugu zenbait kontzeptu barneratzea, ondoren inguruari transmititu ahal izateko.
N.U.: Erreferenteak behar ditugu neska txikiek ikus dezaten horraino ere hel daitezkeela.
Emariak-ek, nolabait, Kalakanen izaera barnebiltzen du: komunikazioa ikuspegi feministatik, diseinu grafikoa eta komunitatean eragin nahia?
N.U.: Egiten ditugu beste proiektu batzuk, baina hau oso gurea da, barnetik atera zaigu lan hau egitea.
I.G.: Egiten ditugu beste lan batzuk, eta guztietan uztartzen ditugu komunikazioa, diseinua eta genero ikuspegia, baina, hau, nolabait, guk geuk geuretzat sortutakoa izan da.