Laguntza Zerbitzura jotzen duten familien kopurua nabarmen igo dela ohartarazi du Irabazik
Irabazi Donostia udal taldearentzako kezkagarria da Donostiako Udalaren Familientzako Laguntza Zerbitzura jotzen duen familia-kopurua gero eta handiagoa izatea.
Urtarrilaren 22ko Tokiko Gobernu Batzordean, udal gobernuak jakinarazi zuen Familientzako Laguntza Zerbitzurako aurrekontua handitzea erabaki zuela. Onarturiko aurrekontua nahikoa ez zela argudiatu zuten. Ordea, Amaia Martin Irabaziko bozeramaileak esan du udalak “sakon aztertu” beharko lukeela zeintzuk diren aurrekontua handitzeko arrazoiak. “Hain zuzen, horiek izango dira konpondu beharrekoak”.
Irabazik hainbat galdera erregistratu ditu Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak erantzuteko. “Familia kopurua handitu izanak sortu duen arazoa konpontzeko udal gobernuak dituen neurriak ezagutu nahi ditugu”, adierazi du Martinek.