Lehiarik ez da gustuko derbian
Luis Arconada eta Jose Angel Iribar elkartu ditu Korner jaialdiak, Antzoki Zaharrean. Arconada gazte donostiarrak Iribar zarauztar beteranoa miresten zuen, eta Iribar beteranoak Arconada gaztea. Biak eroso eseri dira agertokiko besaulkietan.
Luis Arconada eta Jose Angel Iribar elkartu ditu Korner jaialdiak, Antzoki Zaharrean. Arconada gazte donostiarrak Iribar zarauztar beteranoa miresten zuen, eta Iribar beteranoak Arconada gaztea. Biak eroso eseri dira agertokiko besaulkietan. Atepean baino erosoago, ziurrenik. Denbora pasa dela eta garaiak nabarmen aldatu direla konturatu dira. Horri buruz, eta bestelakoez aritu dira ordubete luzez Aitor Lagunas (Panenka) moderatzailearekin batera. Gustura aritu dira mitoen derbian.
Atezainaren rola. “Momentu txar gehiago ditu onak baino”, esan du Arconadak. “Bokaziozkoa da”, gaineratu du Iribarrek. Maiz esan izan da atezaina izateko erotuta egon behar dela. “Askotan esan digute, eta ez nuen ulertzen. Halere, atezaina izatea bereizgarria da”, esan du Iribarrek. “Burua lepo gainean izatea garrantzitsua da, presioa jasateko gaitasuna izatea”, azpimarratu du Arconadak. Atezainek parte hartze txikiagoa izan ohi dute partidetan; pentsatzeko denbora gehiago. “Burua ez galtzea da gakoa, akatsak akats”, dio Iribarrek. Ero zentzudunak, beraz.
Antzekotasun ugari dituzte. Kirol ibilbide osoa talde berean egin zuten biek. Arconadak 16 denboraldi Realean, eta Iribarrek 18 Athleticen. Biak ala biak hondartzan hasi ziren; Zarauzkoan Iribar, eta Kontxan Arconada. Baina zergatik erabaki zuten atezain izatea? “La Salle ikastetxean jolasgaraian berehala jarri ninduten atezain. Gainerakoek argi zuten atepean moldatuko nintzela”, esan du Iribarrek. “Besteei ez bezala, niri ez zitzaidan axola lurrera botatzea baloi bat hartzeko. Gustuko nuen geldiketak egitea”, azaldu du Arconadak.
Futbolean hasi aurretik, ordea, beste kirolekin lotura estua izan zuten. Pilotarekin Iribarrek: “Askotan ikusten ditut pilotariak eta pentsatzen dut atezain onak izan daitezkeela”. Aldiz, eskubaloiarekin eta judoarekin Arconadak: “Lurrera erortzen ikasi nuen judoari eskerrak”. Bakoitzak ere badu bere kantika edo leloa. Iribar es cojonudo eta No pasa nada tenemos a Arconada. Harro daude biak horietaz, zaleen berotasunaz. “Hunkigarria zen. Penaltietan asko laguntzen ninduen”, aitortu du Arconadak. Bide batez, biek ondo idatzita zituzten penaltiak jaurtitzen zituzten jokalarien izen-abizenak eta jaurtitzeko joerak.
1976ko ikurriñaren derbian, bi atezainak Atotxako futbol zelaian ziren. Baita ere, Josean de la Hoz Uranga, Jabo Irureta, Salva Iriarte eta Daniel Ruiz-Bazan jokalariak. Gertaturikoa bideo batean azaldu dute aipaturikoek, eta ostean, hitza hartu dute bi protagonistek. “Pauso garrantzitsua izan zen, oso pozgarria”, gogoratu du Iribarrek. “Nire lehen derbia izan zen”, gaineratu du Arconadak. Politikoki izan zuen oihartzunarekin batera, kirol mailan ikusitakoa azpimarratu du Iribarrek: “Arconadaren partidak asko harritu ninduen. Denak gelditzen zituen, eta nik ez”. 5 eta 0 irabazi zuen Realak.
Futbol modernoaz ere aritu dira, fenomenoa gurera ekarrita. Euskal futbolaren osasuna ona dela azpimarratu du Iribarrek. Futbolak berak etengabe eboluzionatzen duela dio Arconadak, eta horrek egokitzera behartzen duela. Eta atezainak, asko aldatu dira beraien garaitik gaur egunera? “Talde bakoitzak hamaika jokalari ditu zelaian, hori ez da aldatu. Bai, ordea, horren inguruan dagoen guztia”, adierazi du Arconadak. “Atepean eta talde askoren jokoan eragin zuzena izan du atezainen eboluzioak”, gehitu du Iribarrek.
Aspaldi erretiratu baziren ere, ofizioa afizio gisara mantentzen dute. “Atezainekiko enpatia sentitzen dut. Huts egiten badute gaizki pasatzen dut”, dio Arconadak. Lezamara joaten denean, harmaila ez den beste leku bat nahiago du Iribarrek. “Gure taldearen ate atzean jartzen naiz, atezainarekin bat eginez”.
Jose Angel Iribar eta Luis Arconada eredu dira. Euskal futbolaren bi ikur. Derbiak izan behar duenaren adierazle. Gehiagotan elkartu beharko lituzkete. Izan ere, egungo futbolak galdu duena beraiek kontatu dezakete.