Verdini dantza taldeak mende laurdena bete du
Verdini dantza taldeak 25 urte beteko ditu aurten, eta ospatzeko, Nire, zure, gure Verdini: 25 urte ikuskizun berezia egingo dute igandean, otsailaren 10ean Viktoria Eugenian. 19:30ean izango da Isabel Verdini taldeko koreografoaren eta dantza taldeko dantzarien arteko elkarrizketetatik sortu den ikuskizuna. Haiek aukeratu dituzte urteetan zehar dantzatzen gehien gozatu dituzten zatiak. Horrela, Nahi nuena (2002), Ilunpetik (2006), Argira (2007), Zu zeu (2013), Gaitasunen iraultza (2016) eta beste hainbat lanetako koreografiak eta musika berreskuratu dituzte ospakizunerako.
Verdiniren ikuskizunak dantza taldearen ibilbidean «ezinbestekoak» izan diren pertsonak ere ekarriko ditu gogora igandean, Isabel Verdinik aurreratu duenez: “Nork esango luke Verdini Dantza Taldea hemen egongo zela 2019an. Hemen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu. Ospakizun honetaz disfrutatu nahi dugu, baina baita 25 urtetako ibilbide honetan lagundu gaituen publikoari eskertu ere”. Horrez gain, proiektuari lotutako hiru pertsonari aipamen oso berezia egingo zaie: Charo Carranzari, Tomas Murua eskultoreari (Verdini saria 2015) eta Carlos Salaberri argiztapen teknikariari (Verdini saria 2018).
Sarrerak salgai daude Viktoria Eugenia antzokiaren webgunean, 7, 9 eta 12 euroren truke.