Haurrek eta gurasoek dantzan ospatuko dute
Ikasbideko inude eta artzainen konpartsak 25 urte bete ditu; igandean egingo dute desfilea.
Berezia izango delako inoizko jendetsuena izango da. Izan ere, 25. urteurrena ospatuko du igandean Ikasbideko inude eta artzainen konpartsak. Egun osoko egitaraua prestatu dute urtemuga behar bezala ospatzeko. Goizeko 11:00ak inguruan elkartuko dira Ikasbide ikastolan, Loiolako Erriberan.
Urteurrena izanik omenaldi berezi batekin emango diote hasiera egun bereziari. «Rafa Hernandez omenduko dugu. Bera izan zen konpartsaren sortzaileetako bat, eta urtero ateratzen da mikeletez jantzita. Ez du sekula hutsik egin. Aurreskua dantzatuko diote haurrek», azaldu du Ainhoa Dorronsoro konpartsako kideak.
Ikastolan lehen dantzaldia egin ondoren, 11:30ak inguruan, Loiolako Erriberatik Amara Berrira joango dira konpartsako kideak. «Inoiz baino parte hartzaile gehiago izango ditugu. 5 eta 12 urte bitarteko 74 haur dantzari izango ditugu», azpimarratu du Dorronsorok. Gurasoen danborrada 25 lagunek osatuko dute, eta beste askok mozorrotuta parte hartuko dute. «Konpartsa hobetzen goaz, eta urteurrenarekin bat eginez, 50 haur eta guraso inguruk desfilatuko dute gurekin.
Festa luzatuko dute
Ikasbide elkartean izango dute helmuga, eta han eskainiko dute azken dantzaldia, 14:00etan. «Elkartera iristean oroigarri bat emango diegu arduradunei, beraiek ere sortzaileetakoak izan zirelako», esan du Dorronsorok. Elkarteko kideek jatekoa eta edatekoa eskainiko dute. «Pintxoak eta ogitartekoak egongo dira atortzen direnentzako». Arratsaldean jarraipena izango du festak elkartean. Mendi DJak musika jarriko du 15:00etatik 17:00etara. «Igandeko plan ona antolatu dugu».
Kezka bakarra dute iganderako: eguraldia. «Oso txarra bada dantzaldiak ikastolan egingo ditugu, eta gero korrika batean joango gara elkartera».