"Oso gustura aritu naiz urteotan"
Antiguako Kaldereroetako zuzendari izateari utziko dio Jabi Gomezek (Amara, 1958). Gaur iluntzean emango dio bukaera hamar urteko abenturari. Noski, parte hartzen jarraituko du.
Kantuek eta zartagin hotsek hartuko dute Antigua, gaur 20:30etik aurrera. Antiguako Kaldereroak Benta Berri kiroldegitik abiatuko dira auzoa girotzera. Jabi Gomezek azkeneko aldiz egingo ditu zuzendari lanak.
Noiz hartu zenuen zuzendari izateko ardura?
2010ean izan zen. Juanito Alberdik uzteko asmoa zuen, eta nire kuadrillako bati proposatu zion. Baina ez zuenez nahi niri esan zidan eta animatu nintzen. Niri musika asko gustatzen zait, eta baita saltsetan sartzea ere. Parte Zaharreko Kantujiran parte hartzen dut sortu zenetik, eta Santa Zezilia abesbatzan ere aritzen naiz kantuan. Kaldereroetako zuzendari lanak hamargarren aldiz egingo ditut.
Zergatik erabaki duzu uztea?
Nik testigua jaso nuen bezala, orain nik beste bati pasatzeko garaia iritsi dela uste dut. Mikel Ormazabal gazteak hartuko du zuzendari lana. Pare bat bilera egin ditut berarekin eta oso gogotsu dago. Gazteak erakartzea du helburu, eta uste dut kaldereroek gazteak erakarri behar dituztela. Auzoan oso ezaguna da Mikel, eta ederki moldatuko da.
Nolakoa izan da esperientzia?
Oso gustura aritu naiz urteotan. Laguntzaile asko izan ditut alboan, eta horrela errazagoa da. Beste hainbat kide arduratu dira baliabideak eta baimenak lortzeaz. Nire lana izan da gidaritza eta kaldereroak martxan jartzea. Entseguei garrantzia asko eman izan diet, kantuak ondo jo eta abesteko.
Antiguako kaldereroak jendetsuak dira.
Horrela da. 150 lagunek parte hartzen dugu, gutxi gorabehera. Gogoan dut behin nola Erregezaintza kalearen mutur batetik ikusi nuena. Kalea kaldereroz beteta zegoen. Aurten, gainera, jende gehiago espero dugu. Batetik nire agurra delako, eta bestetik Mikelek hartuko duelako zuzendari lana. Testigu aldaketa Errotatxo plazan izango da. Nik, ordea, Txalupagillenen hartu nuen ardura.
Ohiko ibilbidea egingo duzue?
Hori da. Benta Berriko kiroldegitik abiatuko gara 20:30ak inguruan. Elkarte hainbat bisitatuko ditugu jarraian. Txalupagillenen izango dugu kanpamentua. Bidean erreginek pregoia egingo dute. Bakoitzean ez dugu errepertorio osoa eskainiko. Normalean, bi kantu izaten dira, eta ez berdinak guztietan. Adibidez, Istingorra abesteko leku ederra denez, han kantuari ematen diogu garrantzia.
Lau dira, ordea, eskaintzen dituzuen abestiak.
Euskaraz dira denak, bat izan ezik: Queridos compañeros. Saiakera hori egin genuen, eta errepertorio osoa euskaraz abesten ez badugu ere, garrantzia ematen diogu. Gainera, ikastoletan euskaraz ikasten dituzte gazteek eta egokiena iruditzen zait.
Pena ematen dizu uzteak?
Alde batetik, bai. Baina erabakia hartu dut. Noski, kaldereroetan parte hartzen jarraituko dut zuzendari lanak utzita ere. Bestalde, saltsarik ez zait faltako. Kantuan aritzeaz aparte, Txirain elkarteko danbor nagusia naiz.