Klima aldaketaren mehatxuen inguruko konferentzia egingo dute martxoan
Martxoaren 6tik 8ra egingo dute Change the Change nazioarteko konferentzia, Kursaalean. Klima aldaketaren inguruko 50 adituk hitzaldia eskainiko dute. Hiru egunez 600 pertsona batzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak.
“Ezinbestekoa da klima aldaketari tokian tokiko esparrutik eustea, izan ere, bertatik hartzen dira erabaki garrantzitsuenak”, adierazi du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak. “Konferentzia antolatzeko Donostia hautatzea aukera paregabea da hiria munduko mapan kokatzeko”, gaineratu du Ernesto Gasco alkateordeak. Biek parte hartu dute konferentziaren aurkezpenean.
Klimaren inguruko plan ugari daude abian erakunde guztien partetik. Hala nola, Eusko Jaurlaritzaren Klima 2050 programa, aldundiaren GK 2050 estrategia eta Naturklima Klima Aldaketa Fundazioa, eta udalaren Klima DSS 2050 Ekintza Plana. “Gure ingurumen arazoei aurre egiteko eta erronka hau aukeran bilakatzeko gakoa da, ekonomia berdean oinarritutako garapen eredua sustatuz lurraldearentzako enplegua eta aberastasuna sortzen duena”, azpimarratu du Asensiok.
Parte hartzaileak
Nazioarteko lehen mailako adituak izango dira Kursaaleko konferentzian. Horietako batzuk dira Nicholas Stern ekonomialaria, Bunny McDiarmid Greenpeace Internationaleko zuzendarikide exekutiboa, Connie Hedegaard Klimako Europako komisario ohia, Manuel Pulgar-Vidal Naturarentzako Mundu Fondoko Klimako eta Energiako liderra eta Sylvia Earle National Geographic-eko ozeanografoa.
Mundu mailako arazoa da klima aldaketa, eta Euskal Herria ere ari da eraginak jasaten. Euskal hiriburuek tenperaturen aldaketa handia izango dute datozen urteetan. Donostian tenperatura maximoak 4 eta 5 gradu bitartean egingo du gora, eta tenperatura minimoak 3 eta 4 gradu artean.