Tabakalerako langileek elkartasuna adierazi diete Ubikeko grebalariei
Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiko langileek 54 egun daramatzate greban. Borroka hasi zutenetik, ez dute lortu beraien lan baldintzak hobetzea, eta hori gertatu ezean greban jarraituko dutela berretsi dute. Ordutik, Ubik liburutegiak ez du zerbitzurik eskaintzen.
Gaur goizean, Tabakalerako esparru desberdinetako langileek agerraldia egin dute Ubikeko langileekin batera, bitartekarien borrokarekiko elkartasuna adierazteko. Bitartekariek ELA sindikatuaren babesa izan dute greba hasieratik, eta sindikatuko Maddi Aspiazu pozik agertu da Tabakalerako langileen elkartasun keinuarekin: “Pozik gaude deialdiak izan duen erantzunarekin, azken finean, Tabakalerak asko markatzen du, baina kultur zentroko esparru askotako langileak etorri dira elkartasuna adieraztera, eta oso positiboa da hori”.
Sedena enpresak azpi-kontrataturiko langileak dira Ubikeko bitartekariak. Salatu dute greban hasi zirenetik Tabakalerako Administrazio Kontseiluak ez duela neurririk hartu egoera iraultzeko. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute kontseilua.