Atzerritarrei pasaportea eskatzen diete autobus geltokian bidaiatzeko
Donostiako Harrera Sareak eta SOS Arrazakeriak salatu dutenez, autobus geltokian pasaportea eskatzen diete atzerritarrei bidaiatzeko. Estatu barruko leku batera nahiz Schengen eremuko beste estatu batera doazenean ere eskatzen diete. Autobus konpainien jokabidea da salatu dutena. “Hemen ez dago halako araudirik; beraz, autobus konpainiek hartutako erabaki bat da», esan du Peio Aierbek, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kideak.
Bi erakundeek azpimarratu dute, pasaporteak eskatzearena legez kanpokotzat jo duela Europako Justizia Auzitegiak epai baten bidez. Jokabide horrekin, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak garraiatzea saihestu nahi dute enpresek. Baina auzitegiak ohartarazi zuen autobus gidariek ezin dutela “muga-polizia lanik egin”. Era berean, gaineratu dute pasaportearen edo bisen egiaztapena ezin dela autobus geltokietan egin, autobus geltokiak ez direlako muga zaintzarako postuak.
Atzerritarrei soilik eskatzen diete pasaportea edo bisa. Itxaso Agirre Donostia Harrera Sareko kideak esan duenez, Saharaz hegoaldeko afrikarrei baino ez diete eskatzen. Adibide bat jarri du, pasa den astekoa: Senegalgoa den gizon gazte bat autobus txartela erosten ahalegindu zen Donostiako geltokian, autobus konpainia bateko leihatilan. Hango langileak ohartarazi zion ezin ziola txartelik saldu dokumentazioa erakutsi gabe. Hori ikusita, Agirrek berak egin zuen txartela erosteko saioa Internetez, konpainiaren webgunearen bitartez. Nahiz eta txartelean bertan idatziz agertu atzerrira bidaiatzeko pasaportea edo bisa beharko dituela, erosteko orduan ez zioten dokumentaziorik eskatu.
Autobusetako gidariekin hitz egin dute, eta beraien enpresei oharra bidaltzeko esan diete. Baina, pasaportea eskatzen jarraitu dutenez, salaketa publikoa egitea erabaki dute. Hemendik aurrera, epe bat utziko diete aipaturiko epaia betetzen hasten diren ikusteko. Horrela ez bada, salatu egingo dituzte.
Pasa den urteko ekainean 46 etorkin autobusez iritsi ziren eta noraezean utzi dituzte geltokian.