Etxebizitzak zatitzea da udal gobernuaren proposamena
Otsaileko udalbatzarrean udal talde guztien babesa jaso du. Parte Zaharretik abiatuta, hiri osoari eragingo dion aldaketa bat eraman nahi dute aurrera.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin-behineko aldaketa onartu du udal gobernuak. Otsaileko udalbatzarrean Parte Zaharrari dagokion Plan Orokorra aldatzea adostu dute udal talde guztiak. Auzo bakarrari eragin arren, asmoa orokorragoa da: etxebizitza gisara katalogatuta dauden eraikinak horretara mugatuko dituzte. Hau da, planaren aldaketarekin ezingo dira hotelak eta ostalaritza establezimenduak jarri eraikin mota horietan.
Pasa den astean, Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco alkateordeak udal gobernuak duen asmoaren xehetasunak eskaini zituzten. «Hirian eraikitako etxebizitzek ez dute asetzen hiritarren eskaera. Pertsona gutxi bizi diren etxebizitza handiak daude. Horien zatiketarekin eraikitako eraikinen erabilera hobea egingo dugu», azaldu zuen Goiak. Otsaila hasieran IRUTXULOKO HITZAk aurreratu bezala, udal gobernuak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurri gisa erabiliko du etxebizitzen zatiketa. Plan aldaketarekin bizitegi erabilera babestearekin batera, etxebizitzak zatitzeko metro koadro kopurua txikituko dute. Esaterako, 100 edo 110 metro koadroko etxe batetik, 50 metroko bi sortuko dituzte.
Horrekin batera, aurrerantzean etxebizitza bat neurtzeko ez dira zenbatuko balkoien metro koadroak. «Bizilagun batek bost metro koadroko terraza edo balkoia badu ez dira etxebizitzaren tamainara gehituko», esan zuen Gascok.
Aldaketarekin, etxebizitzara bideratutako eraikinetan hirugarren sektoreari loturiko negozio bat jartzeko plan berezi bat erredaktatu eta tramitatu beharko dute eskatzaileek. Horrela, udalak hobeto kontrolatu ahalko ditu eraikina hotel bihurtzeko hirigintza proiektuak. Turismoaren etengabeko gorakadarekin loturiko erabilera ere mugatu nahi du udal gobernuak. «Bizitegi izaera duten goiko solairuetako etxebizitzetan ostalaritzako erabilerak ezartzea debekatu nahi dugu», azpimarratu zuen alkateak. Aldaketak, ordea, ez dio eragingo Pisu Turistikoen Ordenantzari.
Adostasuna
Etxebizitzak zatitzearen aldekoak dira udal talde guztiak. «Dauden etxebizitza handiak zatitzea neurria baikorra iruditzen zaigu», esan du Amaia Almirall EH Bilduko zinegotziak. «Onuragarria iruditzen zaigu», adierazi du Amaia Martin Irabazi Donostiako bozeramaileak. Nolanahi ere, EH Bilduk ez du bat egiten udal gobernuaren proposamen zehatzarekin. «Egungo egoera larria areagotu dezake. Izan ere, gaur egun Donostian milatik gora etxebizitza huts daude, baina ez dira merkatura atera jabeek espekulatzeko erabiltzen dituztelako», kritikatu du Almirallek. Udal gobernuaren neurriari baldintza bat jarri behar zaiola uste du. «Lehenik eta behin, etxebizitza berrien prezioari muga bat jartzea aztertu beharko da».
Etxebizitza batzuek duten tamaina ez dator bat egungo beharrekin, Martinen arabera: «Elkarbizitza unitateak txikiagoak dira hirian; jende asko bakarrik bizi da eta guraso bakarreko familia asko daude. Etxebizitzen gutxieneko tamaina txikiagotzea logikoa iruditzen zaigu. Horrela, etxebizitza gehiago merkaturatzea ahalbidetuko genuke».
Alokairuzko politika eraginkorrak lehenesten ditu EH Bilduk. «Donostiak duen etxebizitza arazoa konpontzeko biderik onena dagoen alokairu sozialerako parkea biderkatzea da. Horrela bermatuko genuke etxebizitza eskubidea», esan du Almirallek. Horrekin batera, udal gobernuak proposamena aurrera eramateko modua kritikatu du. «Neurria ez dute gainerako udal taldeekin eztabaidatu udalbatzarrera iritsi bitarte. Goia eta Gasco hauteskunde kanpaina egiten ari dira, eta neurria propaganda gisara erabiltzen».