Auzoaren magalean elkartuko dira
Ibaetako jaiek lau eguneko egitaraua izango dute. Gaur hasita jarduerez beteriko asteburua antolatu dute. Martxoaren 1eko Aingeru Zaindariaren egunarekin osatuko dituzte festak, berrikuntza batekin.
Kantuan abiatuko dituzte Ibaetako jaiak. Auzoaren bizitzari doinuak jarriko dizkiote gaur, bihar, etzi eta datorren asteko ostiralean. Pasa den asteburuko Pala Txapelketa Azkarrarekin iragarri zituzten festak, eta gaurtik aurrera izango dira jarduera gehienak. Bertsolaritza izango da jaietako protagonista. Izan ere, bertsoari tarte zabala eskaini diote egitarauan. Gaur, bertso ibiltari herrikoia egingo dute Izarne Zelaia, Itxaso Piquer eta Pello Basurtoren eskutik (19:30).
Hori gutxi balitz, kantu afaria antolatu dute frontoian. Txartela erosi dutenek ondorengo menua dastatuko dute 21:30etik aurrera: entsalada, saiheskia eta tarta. Ondoren, bi bakarlari ariko dira zuzenean: Physis Versus Nomos eta Mikel Karton.
Adin tarte guztientzako jarduerak izango dira bihar. Potxin eta Patxin pailazoek haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute frontoian (12:00). Aldi berean, etxeko txikienentzako jolasak antolatu dituzte. 17:00etatik aurrera ondorengo jolasekin gozatu ahal izango dute, besteak beste: lapikoak apurtzea, lokotx bilketa, arrautza lasterketa eta zinta lasterketa (bizikleta eraman behar da).
Kirolariek ohiko lasterketa izango dute bihar arratsaldean. Hain zuzen ere, Aingeru Zaindariaren igoera krosa egingo dute 17:00etan. Parte hartzen dutenek indarrak berreskuratzeko sardinak jan ahal izango dituzte Txokito jatetxean (19:30). 80ko eta 90eko hamarkadetako musikarekin girotuko dute. Ordu berean hasita, Son Kandela taldeak erromeria eskainiko du frontoian.
Eguna biribiltzeko, danborrada herrikoia egingo dute (21:15), eta kontzertu eskaintza interesgarria izango da 22:30etik aurrera. Hiru talde ariko dira zuzenean: Pelax, Willis Drummond eta Pavloven Txakurrak.
Familiarako eguna
Iganderako egitarau zabala prestatu dute. Goizetik arratsaldera bitarte ez da jarduerarik faltako. 10:00etan diana joko dute dultzaineroek, eta ordu erdirako hasiko da toka eta bote txapelketa. Bestelako kirol jarduera bat izango da haurrentzako prestatu dutena; Errotaburuko eskolarteko haur krosa.
Jatekoa eta edatekoa ere izango da eguerdira hurbildu ahala. 12:30ean egingo dute patata tortilla lehiaketa, eta 12:45ean sagardo dastaketa. Bestalde, mus txapelketa Aratz erretegian izango da 17:00etan, eta ordu berean hasiko dira herri kirolak. Familientzako aukerarik onena, berriz, 18:30ean izango da. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek emanaldia egingo dute frontoian.
Estreinako aldiz
Aurtengo jaietako berrikuntza esanguratsuena martxoaren 1erako gorde dute. Hau da, Aingeru Zaindariaren egunerako. Erromeriarekin batera, lehen aldiz, arratsaldeko bertso jaialdia egingo dute Lautximeneta frontoian (19:00).
Lau bertsolari ezagun ariko dira kantuan: Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio. Gai jartzaile lanetan, berriz, Unai Elizasu ariko da.