Igeldoren udalerri izendapena bertan behera utzi izana berretsi du Auzitegi Gorenak
Udala pozik dago epaiarekin. Aldiz, Igeldoko Herri Kontseiluak agerraldia egingo du arratsaldean epaiaren balorazioa eskaintzeko.
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu Igeldoren bereizketa ahalbidetzen zuen 2013/46 Foru Araudia. Era berean, bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka Itsas Aurre elkarteak jarritako helegitea.
“2013an Igeldoren bereizketa onartu zenean oso garbi genuen ez zela modu egokian egin. Horregatik, helegitea jarri genuen eta Euskadiko Auzitegi Gorenak arrazoia eman zigun. Eta orain, berriz ere, Auzitegi Gorenak berretsi du udalak ondo egin zuela”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Otsailaren 21an plazaratu zuen epaia Gorenak, eta dioenez, ezin dira onartu Igeldoko bizilagunen plataformak emandako arrazoiak kasazio helegia jartzerako orduan. EAEko Auzitegi Gorenak epaia eman ondoren, Itsas Aurre elkarteak errekurtsoa jarri zuen, aipaturiko epaiaren arrazoiak arbuiatuz eta motibazio gabezia argudiatuz.
Bestalde, Igeldoko bizilagunekin elkartzeko borondatea berretsi du Goiak. “Beti onartu dugu Igeldok Donostia barruan izaera berezia duela. Horrek gaur egun ditugun tresnak erabilita izan dezake erantzun edo irteera bat: alkate-auzo erakunde izendatzea. Legealdi honetan beraiekin lan egiteko borondatea izan dugu, eta jarraituko dugu”.
Gorenaren epaiak dio ez dagoela arrazoirik EAEko Auzitegiak emandako epaia atzera botatzeko, eta babes ezaren argudioa onartzearekin ez dator bat. Azkenik, Gorenak epaiaren kostua Itsas Aurre elkarteari ordaintzeko agindua eman dio, osotara 4.000 euro eta BEZ-a.