Infernua hirigintza eremuaren proiektuaren aldaketa babestu du udalbatzak

Ezohiko udalbatzarra egin dute gaur goizean, Donostiako Udaletxean. Hasierako onarpena eman dio udalbatzak Infernua eremuaren hirigintza planaren aldaketari. Hilaren 12an aurkeztu zuten azken proiektua, eta 500 etxebizitza inguru eraikiko dira Ibaetako eremuan.
Udal gobernuaren proposamenari hamabost zuzenketa aurkeztu dizkio EH Bilduren udal taldeak. Zortzi babestu ditu udalbatzak, horietatik hiru sozialistekin bateratuta. Zuzenketa esanguratsuenak Babes Ofizialeko etxebizitza kopuruarekin du lotura. Izan ere, proiektuak aurreikusten dituenak baino gehiago izatea adostu dute. “Zuzenketa honi esker babesturiko 54 etxebizitza gehiago izango ditugu”, azpimarratu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. Bestalde, aho batez onartu dute Infernua eremuaren izenari euskarazko deitura gehitzea. “Euskara Zerbitzuak ohartarazi zuen, eta garrantzitsua da eremuaren izena Infernua-Infierno izatea”, azaldu du Burutaranek.
Alderdi popularrak, berriz, udal gobernuaren kudeaketa kritikatu du. Miren Albistur bozeramaileak egotzi die Infernua eremuko espedientea onartzeko ezohiko udalbatzar baten beharra izatea. “Denbora izan duzue proiektua prestatu eta konpartitzeko. Orain, azken unean aurkeztu eta onartu nahi duzue”. Kritikari erantzun dio Enrique Ramos Hirigintza zinegotzi sozialistak. “Hain zuzen ere, tramitazioan denbora irabazteko ekarri dugu horrela, Legealdia bukaerarekin etenaldi bat egongo da, eta komeni da hirigintza proiektuak bideratuta uztea”.