Eskusaitzeta industrialdeko kaleen izenak onartu dituzte
Pasa den astean, Eskusaitzeta industrialdea garatzeko akordioa aurkeztu zuten Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Gaur, aldiz, aipaturiko hitzarmena berretsi du Tokiko Gobernu Batzordeak, eta industrialdeko kaleen izenak onartu ditu.
Zubietan eraikitzen ari diren enpresa parkearen inguruko toponimia errespetatu du udalak aukeraketa egiteko. Salbuespen bakarra da Gabriela Telleria pertsona izena, Zubietan eta Usurbilen ibilitako emagina omentzeko hautatu dute izena.
Industrialdea osatuko duten zortzi kaleek eta bi biribilguneek ondorengo izenak izango dituzte: Eskusaitzeta, Oiangure, Txaldatxur, Urepel, Zorrotzarrieta, Larrezuaitzeta, Gorostutza, Itzain biribilgunea eta Gabriela Telleria biribilgunea.
Hain zuzen ere, Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratu duenez, Aranzadi Zientzia Elkarteak aholkatu du Eskusaitzeta bi ese hizkiekin erabiltzea. Horrela, eremua izendatzeko Eskusaitzeta erabiliko du udalak ere aurrerantzean. Orain arte, dokumentu hainbatetan Eskuzaitzeta gisara jasota zegoen.