"Bizipenak partekatzeko gune seguru bat sortzea bilatu dugu"
Leire Palacios (Bilbo, 1986) kazetariak eta Ines Garcia (Zarautz, 1986) liburuzainak Señor*k egitasmoa sortu dute. Tabakalerako Tobacco Days liburu dendan egingo dituzten topaketetan, esperientzia pertsonalak komunitatean partekatzeko aukera emango diete herritarrei, saio bakoitzean liburu bat abiapuntu gisa hartuta.
Gauzak argi uzteko, Señor*k ez da irakurketa talde bat, ezta?
Leire Palacios (L.P.): Ez, ez da irakurketa talde bat. Bizitzako esperientziak giro seguruan partekatzeko gune gisa definituko nuke.
Ines Garcia (I. G.): Saio bakoitzean gonbidatu bat izango dugu, eta liburu baten bidez bere bizipen propioak gainerako parte-hartzaileekin partekatuko ditu. Ez da irakurketa talde bat, obra irakurtzea ez delako beharrezkoa, eta liburuak berak baino, pisua izango duena gonbidatuaren lekukotza delako.
L.P.: Gai bat jarriko dugu, eta horri buruz hitz egiteko aproposa den pertsona bat gonbidatuko dugu saiora. Jorratuko ditugun gaiek, noski, denok zeharkatzen gaituzte, eta pertsona orok bere esperientzia pertsonalak kontatzeko aukera izango du.
I. G.: Espazio seguru bat izango dela diogu, edozein gairi buruz lasai eta konfiantzaz hitz egiteko gune bat izango delako.
Eta izen hori?
L.P.: Berez, «señorak» ahoskatzen dugu, baina hizkia ezkutatzeak jokoa ematen du. Bakoitzak nahi duen erara ulertu dezala.
I. G.: Señor eta señora-k esperientzia handiko pertsonak dira eta, horregatik, gure topaketei ederki egokitzen zaien izena da. Gainera, guk ere geure burua gero eta gehiago jotzen dugu señora-tzat.
Nondik dator egitasmoa sortzeko ideia?
I.G.: Astroen lerrokatze bat gertatu zen. Nik, aspalditik, antzeko egitasmo bat sortzeko ideia nuen buruan, baina laguntzarik gabe hura aurrera ateratzea lan handiegia zen. Duela hilabete, ordea, Leireren mezu bat jaso nuen, zerbait proposatu nahi zidala esanez.
L.P.: Buruan gauza mohikano bat bueltaka nuela esan nion, eta Inesek liburu-dendatik pasatzera gonbidatu ninduen. Bion ideiak bata bestearengandik nahiko gertu zeudela ikusi genuen orduan, eta horrela jaio zen Señor*k.
Egunerokotasunean jorratu ohi ez diren gaien inguruan hitz egingo duzue?
L.P.: Bai, baina baita normalean komentatzen ditugun gaiei buruz ere. Orokorrean, denok gure ingurugiro propioak ditugu, eta gehienetan jende berdinarekin hitz egiten dugu edozein gaien inguruan. Hemen, bizipenen transmisiorako beste gune bat sortzea bilatu dugu, antzeko gauzak bizi izan dituzten pertsona berriekin hitz egin eta elkarrekin ikasteko.
I.G.: Batzuetan gure konfort-zonatik irtetea kosta egiten zaigu, baina hortik ateraz gero lortu dezakeguna oso aberasgarria da.
Eta zein leku dauka literaturak hau guztiaren barruan ?
I. G.: Liburuek istorioak kontatzen dituzte, eta transmisiorako tresna indartsuak dira. Diskoak eta pelikulak ere baliagarriak izan daitezke horretarako, baina topaketak liburu dendan egingo ditugunez, ildo horretatik bideratu ditugu.
L.P.: Denok ditugu gure bizipen pertsonalei loturiko liburuak, eta gai bat jorratzeko unean, irakurketa bat abiapuntu gisa erabiltzea eraginkorra izan daitekeela iruditzen zaigu.
Lehenengo saioa martxoaren 27an egingo duzue. Zein libururekin?
L.P.: Virginie Despentesen King Kong teoria. Liburu autobiografikoa da nolabait, eta autoreak emakume gisa jasan dituen erresistentziei nola aurre egiten dien kontatzen du.
I.G.: Gonbidatua, berriz, Yurre Ugarte idazlea izango da. Honakoan ez dugu gai zehatz bat ezartzeko beharra ikusi, Yurreren bizitza bera historia delako eta saioan zehar hainbat gauzei buruz hitz egin ahal izango dugulako.
L.P.: Hala da. Liburu ugari argitaratu ditu eta jakin-min handiko pertsona da. Proposamenarekin gogotsu agertu da hasieratik, eta lehen saioa egituratzen asko lagundu digu.
Topaketak nori daude zuzenduak?
L.P.: Irekiak eta inklusiboak izango dira. Hala ere, esango nuke euren burua zalantzan jartzen ez duten pertsonentzat agian ez direla erakargarriak izango.
I. G.: Hori bai, jendeak ez dezala pentsa ekitaldia liburu-denda batean delako exijentzia intelektual bat izango duenik. Hona mundu guztia dago gonbidatuta, inolako mugarik gabe, eta denek izango dugu lasai hitz egin eta besteak lasai entzuteko aukera.
Zein funtzionamendu jarraituko duzue?
I.G.: Asmoa, gutxi gorabehera, sei astean behin biltzea da, 19:00etan.
L.P.: Hurrengo saioetako gaiak parte-hartzaileekin batera adostuko ditugu. Gu dinamizazioaz arduratuko gara, eta espazio horizontal bat sortzea bilatuko dugu. Hau da, ez dugu nahi jendea soilik beste pertsona baten diskurtsoa entzutera etortzea, baina ez ditugu hitz egitera behartu nahi ere ez. Asmoa da jendea eroso sentiaraztea, nahi duen moduan parte hartu ahal izan dezan.