Emakume pentsionistak saretuta daude
Pentsionistak eta emakumeak. Halaxe dira Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsionisten Plataforma osatzen dutenak. Hego Euskal Herriko emakumeek osatzen dute Oneka eta horietako bi dira Maritxu Serrano eta Maite Arregi donostiarrak.
Oneka plataformakoek bat egingo dute martxoaren 8ko mobilizazioekin, eta prest daude beraien eskubideen defentsan hiriko kaleak hartzeko. Izan ere, pentsionista eta emakume gisa zapalkuntza ugari jasotzen dituztela salatu du Serranok: “Haurren aurkako biolentziari dagokionez, adibidez, protokolo, esku hartze eta ikerketa ugari egiten dira, baina ez da berbera gertatzen adineko pertsonez ari garenean”. Aipatu du adineko emakumeen aurka hainbat biolentzia mota ematen direla; tartean, diruaren kontrola, umiliazioa, burla, eta, kasurik latzenetan baita erailketa ere. Horien atzean hainbat gauza ezkutatzen direlakoan daude: “Pertsona heldu askok mendekotasun ekonomiko handia izaten dute, eta beste batzuek baliabide eta informazioa falta handia ere bai”. Dena dela, uste dute lotsaren eta bakardadearen faktoreek ere garrantzi handia hartzen duela: “Lotsaren sentimendua oso gogorra izaten da, eta asko dira dituzten arazoen berri ematera hausnartzen ez direnak”. Serranok azaldu du hori gertatzen dela, adibidez, inoiz “lan produktiborik” egin ez duten emakumeekin: “Beraien burua erruduntzat jotzen dute; uste dute orain pentsiorik ez dutela inoiz lanik egin ez dutelako, eta hori ez da horrela, lan asko egin dute baina kotizatu gabe”. Azkenik, indarkeria, emozionala eta fisikoa nabarmendu dituzte, bai norbanakoen aldetik baita erakunde publikoengandik ere.
Horren aurrean egin beharrekoa argi dute Serranok eta Arregik: “Emakumeen egoera ikusgarri egin behar dugu”. Horretarako, erakunde publikoek ardurak hartzea beharrezkoa dela uste dute: “Erakundeek protokoloak, ikerketak eta ebaluazioak egin behar dituzte”. Izan ere, hauen jarrerak maiz haserretu egiten dituela nabarmendu du Serranok: “Adineko emakumeek jasaten dugun indarkeriari aurre egiteko ez, baina zahartze aktiboari buruzko edo oporretako programei buruzko kongresuak egiten baliabide ugari gastatzen dituzte”. Uste dute errealitatea ezkutatu egiten dutela horrela eta hori arriskutsua dela diote: “Ikusten ez dena ez da existitzen”.
Emakumeak okerrago
Pentsionisten elkarte guztiek egiten duten eskaria da pentsio duinena, baina pentsioen aurpegirik “gogor eta odoltsuena” emakumeena dela dio Arregik: “Gaur egun pentsionistak diren emakume ugarik, gazte zirela utzi zioten lana egiteari, dotearen truke. Dotea kalte ordain moduko bat zen. Lana uzten zenuen, eta, trukean, sei hilabeteko soldata ematen zizuten”. Arregik kontatu du garai haietan emakume ugarik utzi zutela lana, diru hura, esaterako, etxearen hipotekan inbertitzeko. Izan ere, garai horietan emakumeen lana etxeko eta zaintza lanen ardura zela nabarmendu du Serranok: “Gure lana gizonak, haurrak eta etxea zaintzea zen”. Dena den, emakume ugari hasi ziren gerora industriagune eta enpresetan lanean, tartean, Arregi eta Serrano. Hala ere, enpresen krisiarekin batera emakumeak izan ziren kalera joaten lehenak: “Urte batzuk kotizatu gabe eraman ostean, lanbide feminizatuetara bueltatu ziren gehienak, zerbitzu eta zaintza lanei lotutakoak, kotizazio baxukoak edo gabeak, eta noski, erabat prekarioak”. Azaldu dute horren guztiaren ondorioa dela gaur egungo emakume pentsionisten egoera kaskarra, eta okerren daudenak, nola ez, lan produktiborik egin ez zutenak direla: “Lan produktiborik inoiz egin ez duten alargunek, esaterako, senarraren pentsioaren %100 eduki beharko luketela uste dugu. Izan ere, emakume horren lan erreproduktiboa, ezinbestekoa izan da haren gizonak lan produktiboa garatu ahal izateko”.
Pentsio duinak eskatzeaz gain gizon eta emakumeen arteko arrakala deuseztatzeko lanean buru-belarri ari direla diote: “Gure pentsioak gizonenak baino %41 baxuagoak dira, 873 euroko batez besteko pentsioak ditugu, alargunen kasuan 822 eurokoak”. Hala ere, marko publikoan protestatzetik harago barrura begirako ahalduntze bat ere lortu nahi dute Oneka plataformaren bitartez: “Plataforma hau guretzat autoestimua indartu eta elkarrekin sozializatzeko eta indartzeko aukera bat izan da. Izan ere, pentsionisten mugimenduan gehiengoa gara emakumeak, borrokalariak eta irudimentsuak gara, eta elkarrekin aurrera egiteko prest gaude”.
Greba feministarekin bat
Pentsionistak dira, emakumeak dira eta feministak dira. Nabarmendu dute horregatik bizi dituztela zapalkuntza ugari, eta ez daude eserita eta geldirik egoteko prest. Aurtengo greba feministarekin bat egingo dute emakume pentsionistek ere.
Onekak bere sorreratik argi eduki zuen mugimendu feministarekin aliantzak sortzea ezinbestekoa zela eta horrela egin dute. “Aurtengo grebako ardatzetako bat da pentsionistena eta gu ere kalean egongo gara”, dio Arregik. Azaldu dute mugimendu feministaren eskari askorekin egiten dutela bat: “Besteak beste, genero arrakalaren aurkako borrokan, lan prekaritatearen aurkako borrokan, zaintzaren banaketan, eta emakumeen aurkako indarkerian, batez ere, adineko emakumeei dagokienez”.
Beraien borroka ere feminista dela diote, eta uste dute hala adierazten dutela beraien aldarrikapen nagusiek: “Inoiz kotizatu ez duten emakumeek edo gutxi kotizatu dutenek ere pentsio duinak merezi dituzte. Izan ere, bizi osoa daramate sistemako engranajeak funtziona dezan lanean. Gainera, historikoki emakumeak gara zaintza lanen zamaren %80 gure gainean daramagunak”. Bestalde, gogorarazi dute demografiak berarekin ekarriko duela gero eta zahar gehiago egotea, eta, beraz, gero eta menpeko gehiago. “Etorriko den zaintza lan horren zati handi bat adineko emakumeongan geratuko da”, azaldu dute. Ez daude prest egoera honen aurrean isilik geratzeko. Hori dela eta, hirian martxoaren 8rako antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzeko gogotsu daude: “Aurrera egiteko ezin bestekoa da gure artean aliantzak sortzea”.