Wallace iturrien erretiroa
Argazkian ikusten dena Wallace iturri bat da, Kontxa pasealeku zaharrean kokatuta. Horrelako hiru jarri zituzten pasealeku horretan, baina, gaur egun, Kontxako baranda zaharra bezala, Frantzia pasealekuan daude kokatuta.
XIX. mendearen amaieran arrakasta handia izan zuten Wallace iturriek, Sir Richard Wallace filantropo eta dirudun ingelesak Parisi hainbat oparitu ondoren. Hiriburu frantsesa suntsituta zegoen 1871n, Prusiaren kontrako gerraren eta Parisko Komunaren istiluen ondoren, eta Wallacek 50 iturri inguru jartzea erabaki zuen Parisko kaleetan, hiritarrek ura edan zezaten. Geroztik, munduko hainbat herrialdetako hirietan jarri zituzten Wallace iturriak, Donostian, besteak beste.
Frantzian daude iturri gehien; Parisen, Nantesen, Bordelen, Perigueuxen, Poitiersen eta Marsellan baitaude. Hiri batzuek imitazioak ere badituzte, Lisboak, esaterako. Bartzelonak eta Ferrolek ere badituzte horrelako iturriak. Bestalde, ez daude Europan bakarrik Wallace iturriak. Amerikan ere badaude, Rio de Janeiron, Montrealen eta Quebecen, hain justu.
Hainbat mitok inguratzen dituzte iturri hauek, Wallacek hiri ederrenei iturriak oparitu zizkiela esan izan baitute batzuek, hiri horien artean sare moduko bat sortzeko asmoz. Baina, gehienetan, hiri horietako udalek erosi zituzten iturriak.
Donostian hiru daude. Kontxa pasealekuan jarri zituzten hasieran, edalontzi bat lotuta zutelarik, donostiarrek ura edan zezaten. Beraien funtzioa bete zuten urte luzez, baina gaur egun Frantzia pasealekuan daude kokatuta, ez iturri gisa, eskultura apaingarri gisa baizik. Lau kariatidek osatzen dituzte iturriak, ontasuna, sinpletasuna, karitatea eta sobrietatea irudikatzen dutenak. Horien ondoan, inskripzio batzuk irakurri daitezke oraindik: 1872 (fabrikazio data), Charles Le Bourg (autorea) eta Val d’Osne (galdategia).