Izurun pilota eskolak aurkezpen festa egingo du igandean
Igande honetan, hilaren 31n, Antiguako Izurun pilota eskolak urteroko aurkezpena egingo du Antiguako frontoian. Adin guztietako 70 pilotari inguru ditu eskolak. Goizeko 9etatik eguerdira bitarte pilota partidak egingo dituzte, eta Gipuzkoako txapelketak irabazi dituzten pilotari gazteak omenduko dituzte. Horien artean dago Mirian Arraiza gaztea. IRUTXULOKO HITZAk berarekin hitz egin du eta ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da elkarrizketa. Bestalde, Iñigo Bikuña eskolako pilotaria Aspe enpresak fitxatu izana ospatuko dute.
Kirola eta festa uztartuko dituzte Izurun eskolakoek. Izan ere, pilota neurketekin batera, 10:30ean txistulariak abiatuko dira Matia kaletik. 12:00etan sariak banatu eta omenaldiak egingo dituzte txistulariekin eta dantzariekin. 12:30ean izango da familia argazkia. 12:45ean partidekin jarraituko dute 14:00ak bitarte. Ondoren, sagardotegi bazkaria egingo dute Izurun elkartean, barrikote eta guzti (14:30). Egunari bukaera emateko, bazkalostean Barrene txapelketa egingo dute frontoian.