Kultur jarduerak antolatzen jarraituko dute hiriko tabernek

Eusko Jaurlaritzak urteko 12 ikuskizuneko muga kenduko du. Iragan asteburuan bat egin zuten Donostiako taberna hainbatek Arteak Ireki plataformaren deialdiarekin.

Olatz Salvador (Argazkia: Beñat Parra).

Kultur eragile eta sortzaileen protesten eraginez atzera egin du Eusko Jaurlaritzak. Jendaurreko ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea Garatzeko Dekretua argitaratu zuten otsailaren 22an, eta iragan ostiralean adierazi zuten lege hori moldatuko dutela. Izan ere, tabernei urteko 12 ikuskizuneko muga ezarri nahi zieten. Donostiako tabernek hedabideen eta bezeroen bidez izan dute lege horren berri. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak ez diete horren berri eman, hiriak araudi propioa duelako.

Aurreko asteburuan Arteak Ireki plataformaren deialdiarekin bat egin zuten Donostiako hainbat tabernek: Amarako La Bodeguillak, Egiako La Tabernak, Parte Zaharreko Aurreskuk eta Groseko Callejon 13-k. Urtean 12 ikuskizun baino gehiago antolatzen dituzte. «Guretzako dekretu horrek ez du zentzurik, azken batean arteari mugak jartzen dizkiolako», dio La Bodeguillako Libe Lafuentek. Astero zerbait antolatzen saiatzen dira, eta ez dute arazorik horretarako. Horrela ere, zailtasunak ere badituzte.

«Ez dugu erabateko lasaitasuna jarduerak antolatzeko. Batzuetan ematen du zerbait txarra egiten ari garela. Bizilagun hainbatek ez dute gustuko giroarengatik eta zaratarengatik», azaldu du Lafuentek. Kontzertu akustikoak, bakarrizketak, bertsoak eta beste antolatzen dituzte, eta gauza bera egiten jarraitu nahi dute.

Aitor Rubiok ez du sekula arazorik izan La Tabernan kontzertuak antolatzeko. «Baimena eskatu izan dudan guztietan ez dut ezezkorik jaso. Azken batean, ikuskizunetarako dugun ordutegia mugatua da. 19:30etik 21:00etara egiten ditugu, ondoren afariak ematen ditugulako». Aurten dagoeneko zazpi kontzertu programatu ditu Egiako tabernak.

Groseko Pandora eta Erdialdeko Alboka tabernek ere kultur jarduerak antolatzen dituzte, eta Jaurlaritzak ezarri nahi zuen muga «ulertezina» dela diote. «Tabernetan ez dira gauzak goitik behera antolatzen. Sortzaile eta ikus-entzuleen artean sortzen den harremana beste bat da. Hiri bat ez da bakarrik lan eta lo egiteko leku bat. Tabernekin gauza bera gertatzen da. Harremanetarako guneak dira, baita kulturaren bidez ere», azpimarratu du Albokako Jon Martinezek.

Pandorako Agus Rodriguez harrituta dago gertatu denarekin. «Prentsaren bidez izan dut lege horren berri. Halere, uste nuen tabernara norbait etorriko zela zerbait esatera». Rekalde tabernan bezala, jakin badaki jarduerak antolatzeko udalari eskatu behar zaiola baimena. «Martxoaren 7an bi rap abeslarik abestu behar zuten. Ez nuen baimenik eskatu eta bertan behera utzi behar izan nuen».

Donostia bestelakoa da
Kultur jarduerak antolatzen dituzten hiriko tabernek ezagutzen dute baimenak eskatzeko prozedura zein den. «Protokolo berri bat jarri zen abian duela pare bat urte tabernetan emanaldien antolaketa errazteko, eta baita sustatzeko ere», azaldu du Jon Insausti Kultura zinegotziak. Jaurlaritzaren legeari dagokionez, udalak hasieratik argi zuen hartu beharreko jarrera. «Donostian existitzen ez den arazo batetik polemikarik ez dugu sortuko. Egia da ere zirrikituak zeudela legea bere horretan ez aplikatzeko. Hori zen guk hartu behar genuen bidea».

Donostia Kulturak jarduera ugari antolatzen ditu hiriko tabernetan. Esaterako, Poltsiko Antzerkiaren eta DFeriaren ikuskizunak. «Guk okupatzen ditugu orduak eta espazioak tabernetan. Beraz, Donostia Kulturaren jardueraren kontra egingo genuke», dio Insaustik. Era berean, kultur jarduerak antolatzeko egin beharreko bidea azaldu du: «Eskaera Donostia Kulturako Kultur Ekintza atalean egin behar da. Ingurumen eta Hirigintza sailekin, eta Udaltzaingoarekin aztertzen da. Gutxienez hamabost egun lehenago eskatu behar da, eta ezezkorik ematen ez bada baimena dagoela ulertzen da».

Arteak Ireki
Muga kendu izanarekin pozik dago Arteak Ireki plataforma. «Hau garaipen txikia izan arren, kultur eragile guztion garaipena izan da». Halere, hemendik aurrera gertatu daitekeena oso hurbiletik jarraituko dute. «Ez gaitu guztiz lasaitzen. Kontsulten epea zabaltzen denean Jaurlaritzak legea berriz ere jartzea adostu dezakeelako. Horregatik uste dugu egoera honetan berriz aurkitu ez gaitezen kultura bultzatzen duten lokal guztiak babestuko dituen kategoria bat sortu behar dela. Babestu, sustatu eta zainduko dituen kategoria bat».

HITZAkide HITZAkide