Amarako bizilagun kaltetuek elkarretaratzea egingo dute topoaren lanen zarata salatzeko
'Eneko Goia: metroaren obrak kalteturiko bizilagunen eskubideak non daude?' lemapean elkartuko dira Viktoria Eugenia antzokiaren atarian.
Topoaren igarobidearen lanek eragindako zarata “jasanezinak” eta “osasunerako kaltegarriak” salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, Amarako bizilagun kaltetuek. Eneko Goia: metroaren obrak kalteturiko bizilagunen eskubideak non daude? lemapean elkartuko dira Viktoria Eugenia antzokiaren atarian 18:15etik 19:30era. Izan ere, bihar inauguratuko da Giza Eskubideen Zinemaldia.
Aste honetan batzarra egin dute Amarako bizilagun kaltetuek, eta elkarretaratze protesta bat egitea erabaki zuten. Donostiako Udalaren “erabateko utzikeria” kritikatu nahi dute mobilizazioarekin. “Lanak gaueko orduetan eragiten dituen zarata eta bibrazio jasangaitzen ondorioz joan den otsailaren 24az geroztik pairatzen ari garen egoera larria da”.
Donostiako metroaren obrek sortzen duten zarata jasanezina da. Amara Zaharreko bizilagunek bart gauean igaro dutenaren laburpen gisa, bideo hau. 60 dezibeliotik gora gau osoan. #MetroarenObrak pic.twitter.com/gUn3nmw7ww
— Imanol Magro (@Imagreto) April 3, 2019
Pasa den astean 180 bizilagun kaltetuk idatzi bat aurkeztu zuten udaletxean, baina ez dute erantzunik jaso. “Udala eta gainerako erakunde publikoak entzungorrarena egiten ari dira. Bitartean makinek gauetan lanean jarraitzen dute zaraten inguruko udal ordenantzak ezarritako mugak urratuz”. Zaratak ez ezik, bi etxetan –Amara Gaina kaleko 26 eta Autonomia kaleko 15 zenbakietan– pitzadurak agertu direla adierazi dute bizilagun kaltetuek.