Auzoen garrantzia nabarmendu du Ernesto Gascok Altzan egindako agerraldian
Ernesto Gascok, Donostiako PSE-EEko alkategaiak, agerraldia egin du gaur goizean Altzako Harrobieta plazan, Maria Luisa Garcia Espainiako Diputatuen Kongresurako bigarren hautagaiarekin. Hurrengoa, “auzoen legealdia” izan behar dela azpimarratu du Gascok agerraldian, hiriko “lurralde eta gizarte kohesioa” hobetzeko, “arazo estrukturalak” konponduz.
Horretaz gain, datorren apirilaren 28ko Espainiako hauteskunde orokorretan botoa PSOEri emateko eskatu du Gascok, hori baita, haren aburuz, “gizarte kohesioan eta bizikidetzan aurrera egiten jarraitzeko bermea, hausturak eta banantzeak saihesteko”. Gainera, Gascoren arabera, Espainiako Gobernuan PSOE baldin badago, Donostiak “oraindik gauzatzeko dituen bere proiektu estrategikoetako asko jarriko ditu abian, besteren artean, Abiadura Handiko Trenaren iritsiera, Loiolako kuartelak eta Monpaseko pasabidea”.
Apirilaren 28an “etorkizuna” jokoan dagoela adierazi du Garciak, eta “sozialista espainiarrak, euskaldunak eta donostiarrak” prest daudela erronka horretarako. Horrekin batera, “Ernesto Gasco alkate izan dadin”, udal hauteskundeetan PSE-EEren gehiengo bat lortzearen garrantzia nabarmendu du Garciak, eta Espainiako Kongresutik “konpromiso argia” izango duela Donostiako Udalarekin eta “hiritarren proiektuekin”.