Ipuin kontaketa antolatu dute Bidebietan, 21. Korrikaren harira
Abian da 21. Korrika. Izarbeibar eta Mañeruibarreko herrietako ordezkariek egin dituzte lehen metroak, jendearen beroaren babesean. 21. Korrikak Garesko kaleetan barrena egin ditu lehen kilometroak eta Lizarra aldera jo du, ondoren. Donostiatik pasako da apirilaren 12an, baina dagoeneko auzo askotan motorrak berotzeko jarduerak antolatzen ari dira.
Bidebietan, esaterako, Aitziber Sampedro ipuin kontalariak ikuskizuna eskainiko du bihar, apirilaren 5ean. 17:30ean izango da Eltzegor Euskal Kultur Elkartean.
Apirilaren 12an, Eltzegor elkarteak egingo ditu Donostiako azken kilometroak, eta lekukoa emango die Pasaiako lagunei, Trintxerpeko biribilgunean. 21:31ean helduko da Korrika Bidebietara, eta iritsi bitartean, jarduerak egingo dituzte auzoan. 17:00etan hasita eta Gaztelekuak antolatuta, dortsal, peto eta txapa tailerra egingo dute. Gainera, DJ Jonhytronic-ek euskal musika saioa eskainiko du, eta zumba, euskal dantza eta street dance saioa egingo dute. Haurtxokoak herri kirolak egingo ditu, eta denek batera txokolate jana eta euskaraokea egingo dituzte. Arratsaldean zehar eta Korrika iritsi bitartean, pintxo potea egingo dute auzoko tabernetan.
Honako kaleetatik egingo du ibilbidea:
- Pasaiako portuko zeharbidea
- Jose Elosegi Alkatea hiribidea
- Pasai San Pedro hiribidea
- Joan XXIII.aren pasealekua
- Julio Urkixo ibilbidea
- Serapio Mujika
- Joan XXIII.aren pasealekua
- Pasai San Pedro Hiribidea
- Trintxerpeko biribilgunea