Ontzi Museoa Euskal Itsas Museoa izango da hemendik aurrera
2018ko urriaren 1ean itxi zuten Donostiako Kaian dagoen Ontzi Museoa, eraikinean aldaketak egiteko. Museoaren irisgarritasuna eta erabilera baldintzak hobetu dituzte obren bitartez, XVIII. mendeko eraikina, Kontsulatuko dorretxea zena, errespetatuz.
Igogailu panoramiko bat egin dute museoan, teilatupean erakusketak egiteko espazio bat sortu dute liburutegia eta bulegoak lekualdatuz, eta tabikeak kendu dituzte, jatorrizko egurrezko teilatua agerian utziz.
Eraikina bera aldatzeaz gain, museoaren marka ere aldatu dute, logoa eta webgunea aldatu baitituzte, eta Euskal Itsas Museoa izena izatera pasa baita. Gainera, museoak azaldu duenez, 2019-2023 aldirako museologia planarekin dator berrikuntza hau, museoaren ibilbidea markatuko duena. Museoaren zuzendaritza ere aldatu dute: Xabier Alberdi, orain arte museoko zuzendari zientifikoa izan dena, izango da museoko zuzendaria hemendik aurrera, Raul Perezen ordez.
Bestalde, bi erakusketek inauguratuko dute museo berria: Juan de Alceaga, jostun unibertsala eta Ni, traidorea erakusketak egongo dira museoan, hain zuzen.