Woody Allen zinemagilearen film berria Donostian grabatuko dute
Otsailean egin zituen lehen harremanak Donostiako sustapen zerbitzuarekin Mediaprok, Woody Allen zinemagile estatubatuarraren film berriaren ekoiztetxeak, filma hirian grabatzeko ideiaren harira. Denis Itxasok, Gipuzkoako Kultura diputatuak, filma Donostian grabatuko dutela baieztatu zuen atzo sare sozialetan.
Errodajea uztailaren 10ean hasiko du Allenek, eta zazpi asteko iraupena izango du. Itxasoren arabera, Donostiarentzako onurak izango ditu filmaren grabazioak, hiriko hainbat leku ezagutzera emango dituelako, eta hiriko hainbat zerbitzu profesional kontratatuko dituztelako: “Orain bai, baieztatuta. Uztailaren 10ean hasiko dira Donostian Woody Allenen azken filmaren grabaketa lanak. Zazpi asteko grabaketak, gure kokapenak zabaltzen lagundu eta zerbitzu profesional ugari mugiaraziko dituztenak”.